Añorgan 250 etxebizitza eraikitzeko proiektua behin betiko onartu du udalak
Añorgako 250 etxebizitzen proiektuaren simulazioa.Donostiako Udala Donostiako Udal Gobernuak joan den urteko azaroan eman zion hasierako onarpena Añorgako Geltokia hirigintza eremua urbanizatzeko proiektuari, eta behin betiko onartu du gaur (hilak 19) Tokiko Gobernu Batzordeak. Horren bidez, udalak 250 etxebizitza eraikiko ditu bertan, horietatik, 50 tasatuak eta beste 50 alokairu sozialekoak. Auzotar asko kritiko agertu dira hasieratik proiektu horrekin, eta, hain zuzen ere, proiektua “auzotarrak entzun gabe” onartu zutela salatu zuen auzo elkarteak azaroan.
Jon Insausti alkatearen arabera, astearteko ohiko prentsaurrekoan azaldu duenez, “ingurua nabarmen berroneratuko da eremu hori Añorga Txikiko gainerako eremuekin integratuz, errekaren ondoan aisialdirako berdegune bat sortuz, bide konexioak hobetuz eta garraio publikoarekin konexio hobeak eginez, baita igogailu berri bat sortuz ere, auzoaren irisgarritasuna erraztuko duena”.
Era berean, azken hilabeteotan, “klase ertainean” jarri du fokua Insaustik etxebizitzari dagokionean, eta hala egin du Añorga Txikiko ere: “Proiektuak etxebizitza mota ezberdinak dituzten sustapen berrien garapenean bizkorrak izateko helburuari erantzuten dio, auzo kohesionatuak eta erdi mailako klasea nagusi diren auzoak lortzeko helburuarekin”.
Aurrekontua eta xehetasunak
Añorgako Geltokia hirigintza eremuan bost etxebizitza eraikin, Añorga errekastoaren erriberako parke gune bat, aparkaleku bat eta oinezkoentzako hainbat plaza eta aisialdirako guneak eraikitzea aurreikusten du udalak, Insaustik azaldu duenez.
Era berean, “berrurbanizazio osoa” egingo dute, inguruari “espaloi zabalagoak, aparkaleku antolatua eta zoladura eta hiri zerbitzu berriak” emanez. Proiektuaren aurrekontua 10.949.812 eurokoa izango dela aurreikusten du udalak, eta gauzatzeko epea hemezortzi hilabetekoa izango da.
1.100 etxebizitza
Alkateak prentsaurrekoan gogorarazi du gaur egun “1.100 etxebizitza” eraikitzen ari dela udala Donostian: “Lorategi Hiria, Añorga Txiki eta Infernua. Eta Illarrako garapenekin, Txomin II. fasearekin eta Jolastokietarekin ia 1.000 etxebizitza gehiago izango ditugu. Datozen hilabeteetan hasiko dira garapenak”. “Hori guztia eta gehiago egin behar dugu Donostian bizi proiektua eraiki nahi dutenentzat aukerak sortzen jarraitzeko”, gaineratu du Insaustik.


