Donostiak 97 espazio izango ditu orain, berotik babesteko
Intxaurrondoko Txaparrene pasealekua. Nerea Lizarralde Urteko tenperaturik altuenen sasoia hasteko puntuan dagoenez, Donostiako Udalak hiriak aterpe klimatikoen sare zabala duela gogorarazi du. Zehazki, 93 espazio ditu, hiriko auzo guztietan banatuta. Orain, ordea, beste lau gehituko dituzte.
37 eraikinek eta 56 berdegunek osatzen dute egungo aterpe klimatikoen sarea: hiri osoan banatuta daude, eta mapa digital batean seinalatuta. Hala, Donostia da biztanleko aterpe klimatiko gehien dituen Espainiako Estatuko hiria: aterpe bat dauka gutxi gorabehera 2.000 biztanleko, Greenpeace-ek jasotako datuen arabera.
Barruko eta kanpoko babeslekuak
Kultur etxeak, liburutegiak, museoak, kiroldegiak edo merkataritza guneak dira eremu horietako batzuk; baita itzal handiko parke, lorategi eta pasealekuak ere. Horren harira, Iñigo Garcia Ingurumen zinegotziak jakinarazi du, sarean beste lau plaza publiko txertatu dituztela, horretarako baldintza egokiak betetzen dituztela egiaztatu ondoren: Lourdes Iriondo, Maria Zambrano, Reno eta Zuhaizti plazak, hain zuzen.
Udalak laster espazio berriak txertatzea aurreikusten du, hala nola Bretxako Arrandegi eraikina eta Koldo Mitxelena kulturunea, bertako birmoldaketa prozesuak amaitu ondoren.
Itzalpeko “ibilbide berdeak”
Berrikuntza gisa, aurten 60 “ibilbide berdeko” sare bat ere identifikatu dute, hiri barruko lekualdaketak itzalpean errazteko eta tenperatura altuetan esposizioa murrizteko —Foruen Pasealekua edo Frantziako Pasabidea ibaiaren ondoan, Txaparrene Pasealekua eta Tolosa Etorbidea—. “Tarte horietan, zuhaitzek itzal naturaleko ibilbideak sortzen dituzte, eta tenperatura altuetan ibiltzeko baldintza erosoagoak”, adierazi du Garciak.
Gauzak horrela, aurtengo udan ere, osasun gomendioei buruzko informazio kartelak jarriko dituzte udal eraikin batzuetan eta herritarrek gehien erabiltzen dituzten beste batzuetan, eta aterpe klimatikoen sareari buruzko informazio liburuxkak ere banatuko dituzte.


