Maiatzean itzuliko da Altzako Bertso Aroa, proposamen berriekin
Tomasene Kultur Etxea, Altzan.Altzako Historia Mintegia Bertsotan dihardute Altzako Bertso Arokoek, apirilaz geroztik. Orain, udaberri betean eta uda ere noizean behin agertzen den honetan, kantatzeko gogoz jarraitzen dute. Horregatik, bi proposamen gehitu dizkiote egitarauari, eta biak maiatzean izango dira.
Alde batetik, bertso saio literario musikatua izango dute Tomasene Kultur Etxean, hilaren 27an. Esne berriketan du izena saioak, eta Uxue Alberdik eta Amorantek hartuko dute parte, Oihana Iguaran eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin batera.
Bestalde, hilaren 31n, bertso jaialdia antolatu dute, Altzagainako plaza gorrian, 18:00etan. Bertan, Andoni Egañak, Elixabet Etxandik, Alaia Martinek eta Aitor Bizkarrak kantatuko dute, Ainhoa Urien gai jartzailearen esanetara.
Iragana eta etorkizuna
Apirilaren 25ean ekin zioten egitasmoari, Herrera Kirol Elkartean egindako bertso bazkari batekin; bertan kantatu zuten Iker Zubeldia Katarainek eta Irati Alcantarilla Urdanpiletak.
Hala, uda pasata, berriro itzuliko dira jai girora: irailaren 25ean bertso saio elektronikoa egingo dute, Ekhiñe Zapiain, Eli Pagola eta Miren Artetxe bertsolariekin, berriro ere, Ainhoa Urien bidelagun. Aldi berean, Manex Pagola eta Aner Peritz egongo dira musika jartzen. Larratxoko kultur etxean izango da, 19:30ean, eta luntxa egingo dute, gero.
Bertso aroarekin amaitzeko, udazken betean kantatuko dute Xabat Illarregik eta Maddi Ane Txoperenak, Altzania Kirol Elkartean antolatu duten bertso bazkarian. Aitor Odriozola izango da gai jartzailea, honako honetan.


