Errausketaren Aurkako Mugimenduak Donostiako hondakinen «kudeaketa lotsagarria» salatu du
Errausketaren Aurkako Mugimenduak mobilizazioa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean.Errausketaren Aurkako Mugimendua Errausketaren Aurkako Mugimenduak mobilizazioa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, Zubietako erraustegiaren inguruko erantzukizuna salatzeko eta Donostiako Udalari hondakinen kudeaketan “neurri eraginkorrak” har ditzala exijitzeko. Protestan, Donostia “hiriburu ustel” gisa definitu dute, turistei begirako irudia landu arren, ingurumen kudeaketan huts egiten duela iritzita.
Donostia Bizirik elkarteak egindako jarraipenaren arabera, hiriburuko birziklatze datuek okerrera egin dute. Azken azterketak erakusten duenez, Donostian hondakinen % 41,6 baino ez da gaika biltzen.
Mugimenduaren esanetan, diferentzia horien ondorioz, “Donostia da Zubietako erraustegi kutsatzailea gehien elikatzen duena”. Horregatik, udal agintariei galdetu diete noiz hasiko diren sortutako hondakinak “arduraz bildu eta kudeatzen”.
Erraustegia gelditzeko deia
Bilketa eskas horren ondorioz, Zubietako erraustegiak “gau eta egun hondakinak erretzen” jarraitzen duela salatu dute. Kutsadura horren azken biltegia inguruko landareak, animaliak eta pertsonak direla gogorarazi dute: “Gu geu eta gure ondorengoak gara hondakinak erretzearen kalteak nozitzen ditugunak”.
Amaitzeko, Donostiako eta Gipuzkoako agintariei “ez ikusiarena” ez egiteko eskatu diete, adituen oharrak kontuan har ditzatela eta “Zubietako erraustegi kriminala” gelditu dezatela. Herritarrei, berriz, protesta egiten jarraitzeko eta hondakinak ondo kudeatzeko deia luzatu diete, printzipio nagusi bat gogoratuz: “Hondakinik onena, sortzen ez dena”.


