Donostia Sustapena, Udaltzaingoa eta Trebe enpresa 'Entzun' proiektu pilotua garatzen ari dira
Martin Ibabe, Trebe enpresako kide bat, udaltzain bat eta Ane Oiarbide, udaletxearen kanpoaldean.Donostiako Udala Donostia Sustapenak, Udaltzaingoak eta Trebe enpresa donostiarrak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Entzun izeneko proiektu pilotua garatzeko. Sustapenak bultzaturiko Hiri Erronkak Ebazteko Ideien Lehiaketa-ren lotura zuzena du, eta “beste urrats bat da hiriak berrikuntza publikoaren alde egiten duen apustuan”.
Tresna teknologiko bat proiektu pilotuaren oinarria. Transkripzio elebidunak —euskaraz eta gaztelaniaz— ahotsetik testura modu seguruan eta gailu mugikorrean bertan egiteko aukera ematen du, hori garrantzitsua baita pribatutasuna, segurtasuna eta fidagarritasuna funtsezkoak diren testuinguruetan. Proiektua garatzeak eta baldintza errealetan testatzeak aukera emango du Udaltzaingoaren premia espezifikoetara egokitzeko eta horren eraginkortasuna ebaluatzeko.
“Udaltzaingoari bere lana eraginkortasun, segurtasun eta berme handiagoarekin egiteko tresna da”, adierazi du Ane Oiarbide Ekonomia zinegotziak. “Beti da onuragarria herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko baliabideak izatea, eta kasu honetan egunero erabiltzeko tresna praktiko bat dugu, gure agenteen aukerak areagotuko dituena”, gaineratu du Martin Ibabe Segurtasuneko zinegotziak.
Praktikotasuna
Proiektu pilotuak duen teklatu birtualari esker, udaltzainek azkarrago, zehatzago eta modu eskuragarriagoan sartu ahal izango dute informazioa. Batez ere, testuak eskuz mekanografiatzea motela denean edota oso praktikoa ez den egoeretan. Testuak euskaraz edo gaztelaniaz diktatzeko gaitasunak, hizkuntza eskuz hautatu beharrik gabe, komunikazioa errazten du testuinguru elebidunetan, eta eraginkortasuna hobetzen du txostenak, intzidentzia parteak, isunak eta bestelako dokumentu ofizialak idaztean.
Hamabi hilabeteko iraupena izango du proiektu pilotuak. Bitartean, Udaltzaingoak funtsezko zeregina beteko du, segurtasun kidegoei soilik dagozkien gailu mugikorren teknologia aztertuko baitu, tresna berriak zerbitzuaren segurtasun, zehaztasun eta fidagarritasun baldintzak betetzen dituela bermatuz.
Hasiera batean, 25 udaltzainek testatuko dute gailua hainbat egoeratan, eta, ondoren, gailuaren erabileran aurrera egingo da modu mailakatuan. Bestalde, Trebe enpresak bere teknologia hobetu ahal izango du ingurune erreal batean. Sustapenak bultzatzaile eta koordinatzaile gisa jardungo du, eragileen arteko lotura erraztuz; gainera, proiektua garatzen lagunduko du EKINN+ proiektu berritzaileen azelerazio programaren bidez, eta hamar hilabetez honako hauek eskainiko ditu: aholkularitza pertsonalizatua, aholkularitza estrategikoa, finantzaketarako sarbidea, laguntza ekonomikoak eta coworking espazioak, besteak beste.


