Donostiatik Loiuko eta Hondarribiko aireportuetara joateko autobus zerbitzuak indartuko dira, uda honetan
Donostiako aireportua. Foursquare Ekainaren 1etik aurrera, Donostiatik Loiuko zein Hondarribiko aireportuetara joateko garraio publikoa nabarmen indartuko da. Hala, bi aireportuetarako sarbidea erraztea izango da helburua: Loiurako autobusek ordu erdiko maiztasuna izango dute, eta Hondarribiko aireporturako E30 linea zuzena berriro jarriko da martxan.
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak adierazi duenez, ordutegiak hegaldi eskaintzara egokitu dira, bidaiariek “gutxiago itxaron behar izan dezaten” eta joan-etorriak era “azkar, eroso eta irisgarrian” egin ditzaten.
E30 linea, Hondarribiko aireportura
Hirugarren udaz jarraian, Hondarribiko aireportua eta Donostiako erdialdea lotuko dituen E30 linea zuzena itzuliko da, ekipajerako lekua duen autobus batekin. “Bidaiarien itxaronaldiak murrizteko eta hegaldietara hobeto egokitzeko” ordutegi zehatzak ezarri dituzte, asteko egunen arabera:
Astelehenetik larunbatera:
-
Donostiatik irteerak: 07:00, 08:00, 09:00, 10:00, 11:00, 12:00, 14:15, 16:00, 17:00, 18:00, 19:00 eta 20:00.
-
Hondarribitik irteerak: 07:30, 08:30, 09:30, 10:30, 11:30, 13:45, 15:30, 17:30, 18:30, 19:30 eta 21:45.
Igandeetan:
-
Donostiatik irteerak: 07:00, 08:00, 10:00, 11:00, 12:00, 13:00, 14:15, 16:00, 18:00, 19:00 eta 20:00.
-
Hondarribitik irteerak: 07:30, 09:30, 10:30, 11:30, 12:30, 13:45, 15:30, 16:30, 17:30, 18:30, 19:30 eta 21:45.
E30 linea martxan dagoen bitartean, ohiko E21 linea, Hondarribi eta Donostia lotzen dituena, ez da aireportuan sartuko eta bertako kanpoko geltokia kendu egingo da, erabiltzaileen gainkarga saihesteko.
Loiuko aireportuarekin konexioa
Loiurako autobus zerbitzua goizaldean hasi eta gauerdira arte egongo da martxan, maiztasun handiarekin:
Donostiatik Loiurako lehenengo bidaia 04:00etan irtengo da Donostiako autobus geltokitik. Handik aurrera, autobusak 30 minututik behin aterako dira, 21:30ak arte. Loiutik Donostiara, berriz, autobusak ordu erdiro ibiliko dira 06:15etik 23:15era. Azken zerbitzua 00:00etan izango da.
Horrez gain, gogorarazi dute linea hau MUGI sisteman integratuta dagoela 2024ko martxotik, eta horrek bidaia “prezio oso eskuragarrian” egitea ahalbidetzen duela.


