Itaiak Arguedasko erailketa matxista salatu du, Bulebarrean
Itaiaren elkarretaratzea, atzo, Bulebarrean.Itaia Antolakundea Jende andana elkartu zen atzo arratsaldean Bulebarrean, Arguedasen (Nafarroa) izandako azken erailketa matxista gogor salatzeko. Itaiak deitutako elkarretaratze horrek, emakumeen aurkako indarkeriaren errealitate gordina jarri du berriro ere mahai gainean; izan ere, Itaiak adierazi duenez, urtea hasi denetik, bost dira jada Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz erail dituzten emakumeak.
Mobilizazioan, egoeraren “larritasuna” azpimarratu zuten eta indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzea “ezinbestekoa” dela aldarrikatu zuten: “Momentua da matxismoa asmakizun ideologikoa dela dioenari erantzuteko, gure inguruan gertatzen diren erasoetan aurpegia eman eta erasotzaileari aurre egiteko, eta matxismoaren aurka kaleak hartzeko”.
Hala, ideia matxisten aurka borrokatzen jarraitzeko bidean, beren jarduna bi ardatz nagusitan oinarrituko dutela azaldu zuten: emakumeak defendatuz eta erasoei erantzunez. “Beharrezkoa da matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eratzea”, adierazi zuten.


