Mariaren Bihotza luxuzko hotel bihurtzeko lizentzia onartu du udalak, araudiaren salbuespen bat baliatuta
Babestutako eraikinetan hotelak ireki ahal izatek salbuespena jasotzen du ostatu turistikoak mugatzeko HAPOaren aldaketak. Aldaketa onartu baino hilabete lehenago eskatu zuen lizentzia promotoreak eta bost izarreko hotel bat irekiko dute bertan.
Mariaren Bihotza eraikina, Claret eskola zenarekin eta parrokiarekin.Claret Groseko Mariaren Bihotza eraikinean bost izarreko luxuzko hotel bat egiteko lizentzia onartu du aste honetan Nekane Arzallus Donostiako Udaleko Hirigintza zinegotziak. Hala baieztatu dute udaleko iturriek, El Diario Vasco egunkariak ostegun honetan aurreratutako informazioaren harira. Donostiako ostatu turistikoak mugatzeko hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) aldaketaren behin betiko onartu zuen udalak urte hasieran, 2023tik indarrean zegoen behin-behineko muga behin betikotuz, baina hainbat salbuespen aurreikusten ditu muga horiek.
Hain zuzen ere, ondarea babestearen ingurukoa da salbuespenetako bat, eraikin eta etxe historikoei eragiten diena, arauaren arabera, eraikinak mantentzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, Mariaren Bihotza B mailako babesa dauka Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB), eta, beraz, presio turistiko handia jasaten duen Grosen moduko auzo batean egonda ere, posible da bertan hotel bat irekitzea. Hain zuzen ere, aipaturiko HAPOaren aldaketan, muga zorrotzenak dituzten auzoen multzoan dago Gros, Antigua-Ondarreta, Ibaeta, Erdialdea eta Ategorrieta-Ulia eremuekin batera —Parte Zaharrean mugatuta zegoen ostatu turistikoen irekiera, aurretik—.
Horrela, salbuespen hori baliatuta onartu dute lizentzia, Satrustegi dorrearekin eta Arte Ederrak eraikinarekin egin zuten moduan eta Grosen bertan dagoen Maria Inmaculada eraikinarekin gertatu daitekeen moduan, besteak beste. Era berean, gogoratu behar da eraikina hotel bihurtzeko lizentzia 2023ko martxoaren 12an eskatu zuela promotoreak, aipaturiko HAPOaren aldaketa onartu baino hilabete inguru lehenago.
Hala ere, aspalditik datorren afera da Mariaren Bihotza eraikineko hotelarena, urteotan bolo-bolo ibili dena. Izan ere, Donostiako Udal Gobernuak 2021ean onartu zuen Bi Berri Donosti enpresak eraikina birkalifikatzeko aurkezturiko plan berezia. Horrela, hirugarren sektoreko erabilera eman zioten eraikinari. Horrez gain, duela urtebete inguru, Idealista atariak eraikin osoa saltzeko iragarkia zabaldu zuen bi egunez, 36,5 milioi euroan.
Aipaturiko hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, hotelak itsasora begirako 36 logela edukiko ditu, Nafarroa etorbidearen eta Sagues artean. Era berean, taberna eta jatetxea ere edukitzea da aurreikuspena. Gogoratu behar da, hala ere, eraikinak duen babes mailarengatik, fatxadak mantendu behar dituztela promotoreek.
EH Bildu, haserre
Beste eragile eta alderdi batzuek egin izan duten moduan, EH Bilduk behin baino gehiagotan salatu ditu urteotan ostatu turistikoak mugatzeko udal araudiak jasotzen dituen salbuespenak, baita Mariaren Bihotza eraikinean hotel bat irekitzearen aurka agertu ere. Horrela, albistearen inguruko adierazpenak egin ditu Izar Hernando zinegotziak ostegun goizean, lizentzia onartu izana salatuz: “2023ko neurriarekin, ohartarazi genuen salbuespenen bidez, atea irekitzen ziola hotel gehiago irekitzeari, baita Grosen moduko eremu tenkatuetan ere”.
“Aurreikusita zegoena gertatu da, Groseko bizilagunentzat etsigarria dena: gurearen moduko auzo tenkatu batean, non ez dagoen etxebizitza babestu bakar bat ere, Mariaren Bihotzaren moduko eraikin enblematiko batean luxuzko hotel bat irekiko dutela”, gaineratu du Hernandok, baita udal gobernuari exijitu ere “erantzunak” emateko: “Erantzunak eman behar ditu, hotel bat gehiago irekitzeak erantzuleak dituelako eta ondorioak dituelako”.
Eraikinaren historia
Ramon Cortazar arkitektoak 1926an diseinatutako eraikinak 1.500 metro karratuko azalera du, eta altuera aintzat hartuta, 5.000 metro koadroko espazioa du. Klaretarrek 2020ko abuztuaren 31n itxi zuten parrokia, salgai jartzeko. Bertan urte luzez egon zen Claret ikastola, berriz, 2019ko ekainaren 28an itxi zuten.
Bi Berri Donosti enpresak aurkeztu zuen proiektuak teilatupean 330 metro koadroko beste solairu bat eraikitzeko asmoa jasotzen du, eta, horretarako, elizarekin bat egiten ez duen teilatupeko zatia egokituko lukete. Proiektuan, aipatu solairuaz gain, 70 aparkaleku egitea aurreikusten da; EHOBPB-ak ez du baimentzen elizaren azpian egitea, beraz, ez da aurreikusten lur azpian beste solairurik eraikitzea, lursailaren ondoan egitea baizik. Era berean, bizikletentzako 50 aparkaleku ere aurreikusten ditu proiektuak.


