Ordubeteko lanuztea egin dute ikastoletan, «Hezkuntza Sailari akordio laborala bete dezan exijitzeko»
Donostiako Zurriola Ikastolako langileak, ordubeteko lanuztean.Zurriola Ikastolako langileak LAB sindikatuak deituta, ordubeteko lanuztea egin dute ikastoletako langileek Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari “exijitzeko” 2023an sinatu zuen akordio laborala bete dezala. Donostian, hainbat ikastolatan izan du jarraipena lanuzteak, hain zuzen ere. Iazko azaroan, gau bateko itxialdia egin zuten Zurriola Ikastolako langileek, arrazoi berberarengatik, eta ikastoletako langileek giza katea egin zuten Donostian aurtengo urtarrilean.
Sindikatuak azaldu duenez, hainbat dira Hezkuntza Saila betetzen ari ez den akordioaren puntuak. Horietako bat da ikastoletako langileen lan baldintzak aztertzeko mahai teknikoaren sorrera: “Mahai teknikoak 2025eko ekainerako amaituta behar zituen lanak. Hala ere, epea amaitu eta urtebete beranduago, mahai tekniko horren arrastorik ez dago”.
“Lan baldintzen azterketari dagokion urrats bakarra ere ez da egin”, gaineratu du LABek: “2027rako, langile guztien soldatak parekatuta egon behar duten arren, hori ez da gertatzen ari langile guztien kasuan, akordio laboralean espresuki langile guztientzat izango zela jaso zen arren. LABen eta Hezkuntza Sailaren artean zehaztu zen 2023tik 2027ra bitartean, urtez urte, diru kopuruaren igoerak zenbatekoak izango ziren. Orain arte, erdizka betetzen ari da sinatutakoa: 2024ari zegokion igoera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztiei aplikatu zitzaien; ez, ordea, 2025ean eta 2026an”.
“Ikastoletako langileek kezka handiz bizi dute Hezkuntza Sailak orain arte erakutsitako jarrera, entzungor egiten baitie langileek egindako eskaerei”, gaineratu du sindikatuak, eta, hori dela eta, Ikastolen Elkartea gaia lantzera deitu du.


