Zubietako espetxe berriak ekainaren 15ean irekiko ditu ateak
Zubietako espetxe berriaren artxiboko irudia.Irutxuloko Hitza Zubietako espetxe berriaren irekierak badu data ofiziala: datorren ekainaren 15ean egingo da ekitaldi instituzionala, eta ondoren, ekaineko azken bi asteetan, presoak Martuteneko espetxe zaharretik instalazio berrietara lekualdatuko dituzte.
Irekierak hiru urteko atzerapenari emango dio amaiera, hasiera batean 2023ko udaberrirako eraikita egotea aurreikusita baitzegoen.
Instalazio zabalagoak eta modernoagoak
Zentro berria Martutenekoa baino zabalagoa izango da, nabarmen: 33.344 metro koadroko azalera izango du, eta 475 plaza, guztira: 360 gizonentzat, 40 emakumeentzat eta 75 erregimen irekirako zein beste modalitate batzuetarako. Martuteneko presoez gain, gainera, Zaballako espetxetik oraindik zehazteke dagoen preso kopuru bat ere lekualdatuko da Zubietara.
Bizi baldintzak ere aldatuko dira. Ziegak bederatzi metro koadro izatetik hamahiru metro koadro izatera igaroko dira, eta banakako dutxa, komuna eta konketa integratuko dituzte. Horrez gain, ziega bakoitzak telebista, idazmahaia, apalategia eta ohea izango ditu.
Espetxeak 255 langilez osatutako lantaldea izango du, eta erabilera terapeutiko zein kirol erabilerarako guneak eskainiko ditu: pilotalekua, futbol zelaia, kiroldegia, jolas guneak, tailerrak eta baratzeak.
Martuteneren eraispena
Presoak Zubietara lekualdatu ostean, Martuteneko espetxeak ekainaren 24an itxiko ditu ateak. Hala, 2027ko lehen seihilekoan eraistea aurreikusten da, eta lau milioi euroko aurrekontua bideratu da, horretarako.
Eraispenaren eta uholde arriskua saihesteko lur betetzeen ondoren, 400 Babes Ofizialeko Etxebizitza (BOE) eraikiko dira bertan. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak aurreratu bezala, etxebizitza horiek erregimen orokorrekoak izango dira –eta ez etxebizitza librekoak–, klase ertainentzako eskuragarriak izan daitezen.


