Auditz Akularrek asko balio du
Altzako berdegunea oso aberatsa da. Babestu beharreko zuhaitz ugari ditu —harizti zahar bezain esanguratsu bat—, animalia eta intsektu babestuak, ondare eraikia, eta, batez ere, arnasguneak.
Ibilaldiko ibiltariak, Molinaoko basoaren bihotzean.Inaxio Esnaola Aranzadi Maiatzaren 9an, Auditz Akularren balio “ekosozialak” ezagutzeko ibilaldia egin zuen Altza XXI Herri Ekimenak. Jakina denez, Donostiako Udalak 3.000 etxebizitza inguru eraiki nahi ditu Altzaren berdegune preziatuan, eta hori bera galtzea zeharo kaltegarria dela uste dute ekimenak eta Altzako herritar askok. Izan ere, Auditz Akularrek asko balio du, eta balio asko ditu.
Hamar bat lagunek bat egin zuten deialdiarekin, eta ez dute berehalakoan ahaztuko. Hiru ordu inguruko txangoa oso baliagarria izan zen Altzako birikaren fauna eta flora ezagutzeko. Marko Sierra ingeniari agronomoa arduratu zen martxa gidatzeaz, eta geraleku guztietan detaile askoko azalpenak eman zituen.
Casares-Tomasene Kultur Etxea izan zen abiapuntua. Altzaren mapa hartu, eta Sierrak egin beharreko bidea marraztu zuen. Era berean, argibideak emango zituen lekuak ere zehaztu zituen. Zangoei eragiteko prest agertu ziren deialdiarekin bat egin zuten lagunak. Altzako kiroldegi berriaren ondoan dagoen belardia izan zen lehen geltokia. Sierra nahiko kritiko agertu zen han landaturiko zuhaitzen kokapenarekin eta han ezarritako atsedenerako mahai zein aulkiekin.
Ordutik aurrerakoa, gorabeheratsua izan zen. Alegia, maldan behera abiatu ziren, gerora pixkanaka eta era zirkularrean buelta eman, eta berriz ere abiapuntura igotzeko. Bidean ikusitako guztia berde kolorekoa izan zen, Auditz Akularren baitan barneratu zirelako ibiltariak. Eguzkitza parkearen inguruetan baratza asko ikusi zituzten, eta Sierrak esan zuen Altzako lurrak oso aproposak direla nekazaritzarako. Nolanahi ere, Molinao bidean behera eta Papin industrialdearen gainaldean dagoen harizti zahar eta esanguratsua nabarmendu zuen. Babesturiko kakalardoak, txoriak eta urtxintxak bizi dira han.
Molinao inguruan dagoen basoko errekastoen bazterretan dauden haltzen balioari ere erreparatu zion. Eraikuntzarako egur gisa erabiltzen ez den zuhaitza den arren, Sierrak gogoratu zuen uretan ondoen gogortzen dela, eta Veneziak ur gainean irauteko ezinbesteko materiala dela. Ingurumen aldetik egindako “triskantza” batzuk ere deitoratu zituen agronomoak. Esaterako, aipaturiko basoa bitan zatitu zuen saihesbidearen errepidea. Bidez bide, Altza institutuaren behealdera iritsi ziren, eta alboko bidegurutze batean eman zioten bukaera ibilaldi interesgarriari.
Jarraian, argazki bilduma ikus dezakezue:


