Auzolana eta protesta uztartuko dituzte igandean Ulian
Uliako artxiboko irudia.Irutxuloko Hitza Biodibertsitatearen Eguna da mundu osoan gaur, hilaren 22an, eta, horren harira, protesta ekintza eta auzolana uztartuko dituen jarduera antolatu dute iganderako (hilak 24) Ulian: landare inbaditzaileen erauzketa lanetan arituko dira, 10:30etik 12:00etara. Naturkon plataformak eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak antolatu dute egitasmoa, Gipuzkoan naturaren zaintza abandonatuta lelopean. Uliara oinez igo nahi izanez gero, 10:00etan elkartuko dira parte hartzaileak, Okendo Kultur Etxean; bestela, zuzenean aparkalekuan elkartzeko aukera dago, 10:30ean —Dbusen taxi-bus zerbitzuarekin igo daiteke—.
“Ulia parkean crocosmia x crocosmiiflora landare arrotz inbaditzailea auzolanean erauzteko deialdi irekia” da egitasmoa antolatzaileek azaldu dutenez. “Baten batek, ezjakintasunetik, toki batean zenbat eta espezie gehiago, edonongoak direla ere, orduan eta hobe izan daitekeela pentsa dezake. Errealitatea ordea oso bestelakoa da eta maiz, espezie batzuk tokiz kanpo daudenean, bertako beste batzuen desagerpena dakarte; izan daiteke besteak beste hiltzen edo kanporatzen dituztelako”, deitoratu dute.
Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu dute: “Gipuzkoan, nagusiki, aldundiari dagokio estrategia bat garatzea, bertako espezieen populazioei zuzendutako kontserbazio eta berreskuratze planak onartuz eta gero aurrera eramanez. Kanpoko espezie inbaditzaileak erauzteko programak eta sentsibilizazio kanpainak burutu beharko lituzke. Gipuzkoako Foru Aldundiak, aldiz, biodibertsitateari ez dio garrantzirik ematen eta hutsaren hurrengoa egiten du. Kontserbazio planak ez ditu onartzen, aurrekontu urria eskaintzen dio, kontrako ekintza ugari babesten eta bultzatzen ditu eta dugun aberastasun naturala zaintzeko medio eskasak jartzen ditu”.
“Gipuzkoako Foru Aldundiak biodibertsitatearen kontserbazioari lotutako politikak aldatzen ez dituen bitartean, aurrean edukiko gaitu eta bere jarduna eta arlo batzuetan arduragabekeria (landare inbaditzaileei dagokienez esaterako) salatzen jarraituko dugu”, gaineratu dute Naturkonek eta Haritzaldek.



