Bihar banatuko dituzte Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren 37. edizioko sariak
Donostiako Udaletxea. 6-18 urte bitarteko Donostiako haur eta gazte sortzaileak izango dira larunbat honetako protagonista nagusiak, udaletxean. Izan ere, Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren aurtengo sariak banatuko dituzte, bertan.
Euskararen erabilera, sormena eta irakurzaletasuna sustatzea helburu duen lehiaketaren 37. edizioa da aurtengoa, eta oso datu arrakastatsuak utzi ditu parte-hartzean: 22 ikastetxetako ikasleek 1.058 lan aurkeztu dituzte. Hala, Jon Insausti alkateak lehiaketaren osasun ona azpimarratu du: “Digitalizazioa eta adimen artifiziala gailendu diren garaian, sormena eta irakurzaletasuna sustatzen jarraitzea garrantzitsua da, oso”.
Musika eta literatura
Sari banaketa jai giroan ospatuko dute. Hasteko, Donostiako Udalaren Txistulari Bandak harrera egingo die bertaratutakoei. Ondoren, Sara Cozar aktoreak gidatuko du ekitaldia aurkezle gisa, eta Iñaki Salvador eta Miren Gabilondok musikaz apainduko dute saioa.
Epaimahaikideak ere bertan izango dira; aurtengo edizioan, kultur arloko izen ezagunek osatu dute: Iñaki Martiarena “Mattin” komikigileak, Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Ana Malagon, Arantxa Urretabizkaia, Yolanda Arrieta eta Inazio Mujika idazleek.
23 sari nagusi eta 27 aipamen berezi
Guztira, 23 lan saritu dituzte: bost komiki, sei ipuin, bost mikroipuin, lau olerki eta hiru bertso. Lan horiek guztiak liburuxka batean bildu dira, eta irakurgai daude udalaren webgunean. Hor bertan kontsulta daiteke, baita ere, epaimahaiaren aipamen berezia merezi izan duten beste 27 lanen zerrenda ere.
Sariei dagokienez, irabazle guztiek kulturarekin zerikusia duten produktuak jasoko dituzte, hala nola e-bookak, margotzeko materiala edota argazki kamerak. Aipamen berezia lortu dutenek, berriz, diploma bana, liburua eta kultur produktuak erosteko 50 euroko bonoa eskuratuko dituzte.


