'Gerra eta erresistentzia' liburua aurkeztu dute, 36ko gerrak Donostian izandako eraginaren ingurukoa
36ko gerraren 90. urteurrenaren testuinguruan, lau liburu argitaratuko ditu aurten Aranzadi Zientzia Elkarteak, Donostiako Udalaren babesarekin; lehenengoa aurkeztu dute gaur.
Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko Memoria Historikoaren arloko arduraduna, Iñigo Garcia udaleko zinegotzia eta Maria Laespada Aranzadiko historialaria, 'Gerra eta erresistentzia' liburuaren aurkezpenean.Donostiako Udala Uztailean, 90 urte beteko dira Francisco Franco eta beste militar faxista batzuek Espainiako II. Errepublikaren aurkako estatu kolpea eman eta 1939ra arte iraungo zuen 36ko gerra abiatu zutenetik, ondoren, 40 urtez, frankismoa ezartzeko. Urteurren borobil horren bueltan, gerran eta diktaduran “Donostian gertatutakoa herritarrei ezagutzera emateko” lau liburu argitaratuko ditu aurten Aranzadi Zientzia Elkarteak, Donostiako Udalaren babesarekin.
Horrela, lau liburu horietako lehenengoa aurkeztu dute ostiral goizean udaletxean: Gerra eta erresistentzia. Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko Memoria Historikoaren arloko arduraduna, Iñigo Garcia udaleko zinegotzia eta Maria Laespada Aranzadiko historialaria egon dira aurkezpenean, eta, azaldu dutenez, “gerrak Donostian izandako eragina” aztertzen du lanak: “Borroka lekuak, herritarren erresistentzia eta hirian bonbardatutako lekuak”.
Beste hiru lanen gaiak ere jakinarazi dituzte arduradunek: 36ko gerraren eta frankismoaren biktimak, memoria lekuak eta errepresio frankista jasan zuten emakumeak. “Aranzadi aspalditik ikerketa eta dibulgazio lan handia ari da egiten, eta lan hori ezinbestekoa da gure hiriaren memoria kolektiboaren funtsezko zati bat berreskuratzeko. Demokrazia desagerrarazi zuen estatu kolpearen 90. urteurrenean, ezinbestekoa da tresnak sortzen jarraitzea, horien bidez gertatutakoa ezagutzeko, biktimen memoria zaintzeko eta gertatutakoa belaunaldi berriei transmititzeko”, nabarmendu du Garciak


