Gidabaimenik gabeko 16 urteko gidari bat atxilotu du Ertzaintzak
Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko agenteen alkohola eta drogak detektatzeko prebentzio kontrol bat jarrita zuten ostegun goizaldean ospitaleen eremua Garberako biribilgunearekin lotzen duen GI-40 errepidean. Halako batean, ertzainek gelditzeko agindua eman zioten Frantziako matrikuladun auto bati eta barruan, itxuraz bi adin txikiko bidaiari zeudela ikusi zuten. Dokumentazioa eskatzean, ibilgailuaren gidariak ez zuen inolako identifikazio agiririk eta ahoz eman zizkien datuak. Agenteen egiaztatu zuten beste pertsona batenak zirela.
Pertsonaren identitateari buruzko frogaketak egin ondoren, 16 urte zituela jakin zuten eta inoiz ez duela gidabaimenik izan. Autoan berarekin zihoana, 14 urteko anaia da. Antza denez, Tolosatik Donostiara joan ziren, senide baten autoaren giltzak hartuta.
Patruila batek etxera eraman zuen 14 urteko adingabea eta gidaria, aldiz, bide segurtasunaren aurkako ustezko delitu batengatik atxilotu eta polizia egoitzara eraman zuten behar bezala identifikatzeko eta eginbideak gauzatzeko.


