«Gu parkeetara joaten ginen entrenatzera, kalistenia egitera»
Marko Usabiaga (Antigua, 2004) oztopo lasterketetan lehiatzen da. Duela bederatzi urte inguru hasi zen mota honetako lasterketetan lehiatzen, eta, orain, profesionaltzat du haren burua. Dena den, oraindik babesleak bilatzen jarraitzen duela aitortu du.
Marko Usabiaga OCR lastekaria.Asier Gonzalez de San Pedro Nola hasi zinen OCR lasterketak egiten?
Duela bederatzi urte hasi nintzen OCR lasterketak egiten, nire aitarekin. Duela hamabi urte ikusi genuen Hondarribian lasterketa bat egiten zutela menditik arantzadun alanbrearekin. Ikusi genuen, baina ez genion garrantzi gehiagorik eman. Nire aitak horrelako lasterketa bat egin zuen, baina nik ezin nuen egin, gazteegia nintzelako. Lasterketa horretan, ordea, flipatu egin nuen. Lasterketa bat bilatzen hasi ginen nik parte hartzeko, eta Nafarroan egin zen Farinator Race lasterketan parte hartu izan ahal nuen. Hori izan zen nire lehengo lasterketa, 14-15 urte nituela.
Berandu da horrelako kirol batean hasteko?
Berez, ez. 15ekin hasten bazara, ondo; baina 13rekin hasten bazara, hobeto.
Arango haranera joan zinen bizitzera. Profesionalki bizi zara kirolaz?
Izatez, entrenatzaile pertsonala naiz, baina bi edo hiru ordu egiten ditut lan eta gainerakoan entrenatu egiten dut.
Erraza da OCRko atleta izatetik bizitzea?
Bueno… Nik lasterketengatik ez dut dirurik irabazten. Nire diru iturri nagusia ireki genuen gimnasioetako bazkidetzengatik da, Mou-te I Supera`t gimnasiotik. Gimnasioko bazkideek laguntzen didate honetan eta horregatik diot profesionala naizela.
Nire lana mendian egotea eta entrenatzea da. Ez dut diru asko irabazten lasterketetatik.
Babesleetatik ere dirua atera daiteke. Nola funtzionatzen du horrek?
Bai, dirua atera daiteke, baina ni horretan berezia naiz. Ez ditut betiko babesleak bilatzen. Nik ez ditut hauts magikoak hartzen, eta gauza horiek alde batera uzten ditut. Harategiak eta horrelakoak ditut babesle eta haragia ekartzen didate. Ez ditut babesleak, baina bilatzen ari naiz, honetatik bizitzeko laguntza behar delako.
Lasterketei dagokienez, non izan ohi dira?
Galizian pare bat daude, Madrilen, Valentzian, Euskal Herrian… baina Arango haranean ez dago lasterketarik eta beti autoaren menpe nago.
Zein herrialdeetan lehiatu zara?
Duela pare bat urte Europako txapelketan egon nintzen eta nire taldearekin lehiatu nuen. Orain, ez naiz lehiatuko, Europako Txapelketan Espainiako kamisetarekin lehiatu behar delako eta ni ideia horrekin ez natorrelako bat. Orduan, oraingoz, lasterketa horiek ez ditut egingo.
Lasterketa gehiago daude zure kamisetarekin ateratzen zarena. Esaterako, Norvegian, nire kamiseta berdearekin ateratzen naiz, lasai-lasai.
Nola lehiatzen da lasterketetan?
Ohiko lasterketetan indibidualki lehiatzen da. Hamar kilometro inguru dira, 40-50 oztoporekin: karga hartzea, suspentsioa eta abar.
Jendea animatu nahi duzu kirol hau egitera, baina nola entrenatzen da kirol hau?
Euskal Herrian entrenatzeko pare bat gimnasio daude. Hernanin, esaterako, Denontzat gimnasioa dugu, baita Irunen ere. Hernanikoko arduraduna Ismael Mateo da —El Conquistador telebista saioan parte hartu zuena— eta Irungoak Asier Landart —Espainiako OCR txapeldun izandakoa— eta Javier Arandia.
Hemen, entrenatzeko nahiko erraz dago. Duela urte batzuk, gu parkeetara joaten ginen entrenatzera, kalistenia egitera, baina, orain, aipatutakoak edukitzea zoragarria da.
«Jendearen babesa behar dugu, eta denak batera joatea gure helburua lortzeko: euskal selekzioa sortzea»
Aipatu duzu ez zoazela Europako Txapelketara Espainiako selekzioarekin. Bestalde, hainbat kiroletan euskal selekzioa lehiatzen hasi da. Posible ikusten duzu lasterketetan euskal selekzioaren izenean lehiatzea?
Orain arte, posible ikusten nuen, ez zelako federazio ofizial bat, elkarte bat baizik; baina, orain, pentatloi modernoko federazioa sartuko da, Olinpiar Jokoetara joateko. Orduan, orain, Espainiako Batzorde Olinpikora joan beharko da, eta, beraz, zaila ikusten dut.
Ez genuen euskal federazioaren laguntza asko izan Europako Txapelketarako, denbora gutxi falta zelako. Orduan, oraingoz ezer ez.
Beraz, euskal selekzioa ezin da lehiatu?
Talde gisa bai, mendiko lasterketetan egiten duten moduan. Azken finean, klub bat da euskal selekzioaren izenarekin. Baina federazio gisa ez, nahiko zaila dago hori.
Jendea kirol gehiago egitera animatu nahi dut, eta gure balioak gehiago defendatzera gonbidatu nahi ditut. Jendearen babesa behar dugu, eta denak batera joatea gure helburua lortzeko: euskal selekzioa sortzea, Espainiako selekzioa oztopatu gabe. Bakoitzak bere selekzioa edukitzea.




