«Udalak ez du bete langileen arteko soldata arrakalarekin amaitzeko akordioa», ELAren arabera
ELA sindikatuaren agerraldia, udalak azpikontratatutako garbiketa zerbitzuaren pleguen baldintzak salatzeko.ELA ELA sindikatuak salatu du Donostiako udal eraikinetako garbiketa zerbitzuaren plegu berriek ez dutela bermatzen soldata arrakala amaitzea, eta 2024an azpikontratatutako langileekin lortutako akordioak urratzen dituztela. Horrela, pleguak “zuzentzeko” exijitu dute ELAko ordezkariek, eta ohartarazi dute mobilizazioak egingo dituztela “pleguak zuzendu eta soldata arrakala benetan amaitzen ez bada”.
“Gizatzen enpresak kudeatutako garbiketa zerbitzuan sortu zen gatazka”, ELAren arabera: “180 langiletik 60ri lan baldintza desberdinak aplikatzen dizkie, eta horrek diskriminazio egoera eragin du. Akordioaren bitartez lortu zen plantilla zati horrentzat %27ko soldata igoera eta langile guztientzat lan baldintzak parekatzea. Zerbitzuaren adjudikazio berriaren bidez gauzatu behar zen konpromisoa, diru publikoz finantzatutako kontratua delako”.
2026an berriz adjudikatzeko argitaratutako pleguek, ordea, “ez dute adostutakoa betetzeko berme nahikorik eskaintzen, eta akordioa aplikatzea zailtzen duten elementuak jasotzen dituzte”, sindikatuaren ustez. “Donostiako Udala lizitazioa erabiltzen ari da, zerbitzua merkatzeko langileen baldintzen kontura, bereziki sektore feminizatu batean”, gaineratu dute.


