Ekialdeko Barrutiaren eredua aldatzeko garaia dela uste du EH Bilduk
EH Bilduko ordezkariak, Altzan.EH Bildu Zortzi urte beteko ditu Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta barnebiltzen dituen Ekialdeko Barrutiak. Hori dela eta, zortzi urteotako balantzea egin du EH Bilduk, eta “txarra” dela deitoratu du: “Ez da lortu herritarrek sentitzea administrazioa gertuago dutela, eta erabaki gunea beti egon da EAJren eta PSEren udal gobernuak baldintzatuta”. Horrekin batera, proposamen asko bere horretan gelditu direla kritikatu dute, “Donostian hainbat erabaki hartzen direlako barrutian hauen berri eduki gabe”.
Udal taldeak jakinarazi duenez, Jon Insausti alkateak idatzi bat bidali berri die Ekialdeko Barrutiko herritarrei, besteak beste, udalak harturiko neurri batzuk azaltzeko. “Proposamen batzuk dagoeneko martxan daude, adibidez bi langile ahalbidetzea. Egindakoak nobedade gisa azaltzea onartezina da. Beste batzuk ez direla eraginkorrak izango aurreikusi daiteke eta oso modu inprobisatuan eginak daudela dirudi. Adibidez, departamentuetako pertsona erreferentzialak izendatzea, izan ere behar duguna da bertan egongo diren langileak antolaketa propioa eraginkorra izan dadin. Eta, larriago dena, alkateak dio eredu berdinarekin jarraitzeko asmoa duela gure ustez eredua denean aldatu beharrekoa”, kritikatu du EH Bilduk.
Alkateak aldaketarako “borondaterik” ez duela dio udal taldeak, eta “marketing pertsonalerako” beste eredu bat dela. Horrela ere, barrutiko presidente berriari eta udal gobernuari konfiantzazko denbora tarte bat emango dietela gaineratu dute: “Ohikoa da 100 eguneko epea jartzea, eta EH Bilduk ere 100 egun emango dizkie. Baina eskatzen dugu 100 eguneko epe honetan lehen urratsak egitea eraginkorra ez dena eraginkorra izaten hasteko”.
Ehun egun horietan, “gutxieneko urrats” hauek egiteko eskatu diete: “Barrutitik eskatzen diren langileen kopuruak eta beraien eraginkortasuna bermatzea. Barrutiak jasotzen duen diru kopurua bertan kudeatzeko ahalmena izatea, udal gobernuaren oniritziaren zain egon gabe. Benetan borondate politikoa erakustea. Horretarako, udal gobernuak erabakiak hartu beharko ditu Altza, Bidebieta eta Intxaurrondoko herritarrentzat barrutia erreferentziazko instituzioa bihurtu dadin”.
Hori guztia lortzeko, EH Bilduten ustez “ezinbestekoa” da herritarrek administrazioarekin dituzten hainbat tramitazio barrutian bertan egin ahal izatea. “Honek dakarrelako, EH Bilduren ustez, instituzio honen ezagutza eta bere erreferentzialtasuna indartzea eta handitzea”, adierazi dute.

