«Etorkizunera trena» hartu du Donostiak, Atotxako geltoki berriari esker
Instituzioetako ordezkariek Atotxako geltoki berriaren lanak bisitatu dituzte.Nagore Garmendia Jon Insausti alkateak argi utzi du Atotxako geltoki berrituarekin hiriak aurrerapauso handia eman duela: “Etorkizunera trena hartu du Donostiak”. Goizean azpiegitura berrira egindako bisitan azaldu duenez, geltoki horrek garraioa hobetzeaz gain, herritarren “bizitza erraztuko du”. Bertan izan dira, baita ere eta beste batzuen artean, Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburua eta Jose Antonio Santano Mugikortasun Jasangarriaren estatuko idazkaria.
Geltoki berriaren itxurari eta erosotasunari dagokionez, Garcia Chuecak aldaketa nabarmena azpimarratu du; bere ustez, egungo espazioak “ez dauka zerikusirik lehengo pasabide estuarekin”. Sailburuaren esanetan, azpiegitura berriari esker “itxaronaldia erosoagoa izango da erabiltzaileentzat”. Izan ere, trenerako geltokia izateaz gain, autobus geltokiaren parte ere izango da, itxarongelak konpartituko baitituzte, espazioa aprobetxatu aldera. Hala ere, instalazio modernoak izan arren, Garcia Chuecak argi utzi du “betiko estazioa” izaten jarraitzen duela, eta ez duela “bere esentzia galdu”.
Loturagune horren garrantzia estrategikoa berretsi du, baita ere, Santanok, eta proiektuaren aitzindaritza nabarmendu du: “Abiadura handiko garraiorako lehen estazioa da, Euskal Herrian”. Gainera, geltokiaren kokapenaren garrantzia balioetsi du, bere ustetan, “erabaki ona” baita estazioa hiriaren erdigunean kokatzea.
Trenbidea, etorkizunaren ardatz
Etorkizunera begira, Insaustiren ustez, argi dago “trenak marrazten duela Donostiako garraioaren etorkizuna”. Esan duenez, gainera, Atotxako geltokia ez ezik, Topoaren pasabidea, Altza-Galtzaraborda tartea eta Loiolako Erriberako aldageltokia ere hainbat erakunderen arteko aliantzei esker izan dira posible.
Baina azpiegitura hutsa izatetik harago, Insaustik proiektuaren izaera eraldatzailea azpimarratu du: “Hiria egiten duen proiektu bat da”. Hiri kalitatea ez ezik, artea eta nortasuna ere uztartuko dira bertan, Remigio Mendibururen eta Esther Ferreren lanak ikusgai izango baitira, espazio publiko ordenatuagoa, garbiagoa, seguruagoa eta atseginagoa sortuz.
Tabakalerako plaza berdea
Hirigintza eraldaketa honen barruan, Tabakaleraren aurrean sortu den plazari ere erreparatu diote, bisitan. Gune hori aukera ezin hobea dela adierazi du alkateak, eta udalaren anbizioa eremu hori herritarrentzako parke bihurtzea dela aurreratu du, gune berdeekin.
Amaitzeko, alkateak esker hitzak izan ditu erakundeentzat, baina, bereziki, obrak jasan dituzten donostiarrentzat. “Obrak pairatu dituzten hiritarrak eta erabiltzaileak eskuzabalak izan dira”, aitortu du Insaustik.

