Osasungintza publikoaren egoera salatu du DOPAk: «Zer gertatuko da udan?»
DOPAren elkarretaratzea, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, Andia kalean.Beñat Parra DOPA Donostialdeko Osasungintza Publikoaren Alde plataformak deituta, Andia kalean elkarretaratu dira hainbat herritar astelehen goizean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, osasungintza publikoa pairatzen ari den murrizketak salatzeko.
Bereziki, Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) Etengabeko Arreta Guneen (EAG) egoeran jarri dute fokua: “Datu bat ematearren, 2024ko txanden %36,4an medikuen falta izan zen”. Hori bera salatu zuten, hain zuzen ere, apirilean Donostia Ospitalean egin zuten mobilizazioan, eta Maite Martinez gerentearekin bilera bat eskatu zuten, “egoera konpontzeko planteatzen duten alternatiba ezagutu ahal izateko”. Salatu dutenez, ordea, oraindik ez dute erantzunik jaso.
“EAGak medikurik gabe edukitzeak arriskuan jartzen du herritarren osasuna, eta ekitatea hausten du, zerbitzuetara iristeko zailtasunagatik. Eta gehiegi kargatzen ditu ospitaleko larrialdiak”, gaineratu dute DOPAko kideek. Horrela, osasungintza publikoaren zerbitzuetan medikurik ez egotea ez normalizatzera deitu dituzte herritarrak: “Grebetan eskatzen diren gutxienekoak ere betetzen ez dituzten osasun arretako zerbitzuekin konformatzen al da Osakidetza? Noiz arte adabakiak, bete gabeko txandak eta abar, egiturazko arazoetarako benetan egitura konponbiderik proposatu gabe?”.
Era berean, gogorarazi dute udan are gehiago murriztu ohi dituela Osakidetzak bere zerbitzuak: “Zer gertatuko da uda honetan? Gehiago murriztuko da dagoeneko murriztuta dagoen hori?”.


