Gipuzkoa Klasikoa Egian erabakiko da, beste behin ere
Igandean, hilaren 30ean, gazte mailako itzuliaren hirugarren eta azken etapa Donostian hasi eta bukatuko da, ohiko ibilbidearekin.
Daan Dijkman irabazlea Egiako helmugan, 2025eko Gipuzkoako Itzuliko azken etapan.Martin Early Gaur goizean aurkeztu dute gazte mailako XXXII. Gipuzkoa Klasikoa. Hilaren 30ean eta 31n jokatuko da txirrindularitzako itzulia, hiru etapa izango ditu, eta hirugarrena Donostian izango da, Zumy sariaren ibilbide klasikoarekin. Guztira, nazioarteko hamazazpi taldek eta Euskal Herriko hamahiruk —tartean, Donostialdea Bizikletan— parte hartuko dute.
Aurtengoak nobedade esanguratsu bat du, larunbatean direlako lehen bi etapak. Goizean izango da aurrenekoa, Ormaiztegin. Han hasi eta bukatuko da 76,3 kilometroko ibilbide maldatsua osatuta —Lierni, Gabiria bitan eta Mandubia gainditu beharko dituzte ziklistek—. Arratsaldean, berriz, 5,2 kilometroko kronoigoera izango dute, Ormaiztegi eta Gabiria artean.
Esan moduan, igandean, hilaren 31n, Donostian jokatuko da hirugarren eta azken etapa erabakigarria. Hau da, Zumy sari nagusi gisa ezagutzen dena. Egian hasi eta bukatuko da 104 kilometroko ibilbidea egin ostean.
Iaz Daan Dijkman (WWV Hagens Berman-Jayco) herbeheretarra bakarrik iritsi zen helmugara, eta sailkapen orokorra ere eskuratu zuen. Bigarren bukatu zuen Harrison Dainty (Fensham Howes Junior Race Team) ingelesak, eta hirugarren Ben Morin (Gepla – Watersley R+D Road Team U19) kanadarrak.
Euskal Herriko hainbat taldek parte hartu zuten Gipuzkoa Klasikoan, eta Beñat Sainz (Viveros San Anton-Mardu) izan zen sailkapen nagusiko euskal herritar onena —13. tokian bukatu zuen—. Aldiz, Donostialdea Bizikletaneko Unax Otegi izan zen etxeko taldearen ordezkari hoberena. Egiako etapan 33. tokian bukatu zuen. Sailkapen orokorrean, berriz, 26. postuan.

