Astebururako plan proposamenak Donostian
Alaia Martin bertsolaria, artxiboko irudi batean. Igandean, Altzako bertso saioan arituko da.Bertsoa.eus Zer plan asteburu honetarako? Gure agendan askotariko kultur eta aisialdi proposamenak aurkituko dituzue, baina, horrez gain, egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizuegu jarraian. Horrez gain, ez ahaztu Larratxoko jaietarako berotzen hasiko direla asteburu honetan bertan; jaien gure atal berezian daukazue egitaraua.
Ostiralean (hilak 29), euskal zinemaz gozatzeko plan proposamen bat: Irrintzi (Mirentxu Loiarte, 1978) eta Irrintziaren oihartzunak (Iratxe Fresneda, 2016) filmak proiektatuko dituzte Tabakaleran, 19:00etan; 4,5 euro.
Larunbatean (hilak 30), egun osoko egitasmo bat da gure gomendioa. Hain zuzen ere, laugarrenez, Euskal Herriko Bilgune Feministak Gorputzen Burujabetza Topaketa egitasmoa antolatu du Tabakaleran, egun osoko egitarau zabalarekin: solasaldiak, ikastaroak, bertso saio bat eta abar. Izena eman behar da, hemen.
Igandean (hilak 31), bertsolaritza zaleentzako plana, bereziki. Izan ere, Altzako Bertso Aroaren barruan, bertso jaialdia antolatu dute San Martzial plazan (18:00), Andoni Egaña, Elixabete Etxandi, Alaia Martin eta Aitor Bizkarra bertsolariekin; Ainhoa Urien arituko da gai jartzaile lanetan.
Bonus track. Astean zehar ere kultur planen bat egin nahi izanez gero, hortxe gure proposamena: Enbata dantza konpainiak Garbigailua ikuskizunaren entsegu irekia eskainiko du Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan asteazkenean (19:00), doako sarrerarekin.

