Bera Berak huts egin du finaleko lehen partidan
Kanaria Handiak ezustekoa eman du Gaska kiroldegian, defentsa lan onari esker (19-23). Donostiarrek Telden irabazi beharko dute hirugarren partida behartzeko.
Elena Amores Bera Berako jokalaria Silvia Navarroren atera jaurtitzear, Gaskan.Bera Bera Ezin denean ezin da. Sentsazio horrekin geratu zen atzo Bera Bera, ligaren finaleko lehen partida Gaskan galdu ostean. Kanaria Handiak estu hartu zuen talde donostiarra, eta defentsako lanean asmatu zuen, batez ere, Silvia Navarro atezainaren geldiketa erabakigarriekin (19-23).
Bera Bera ez zen eroso sentitu hasieratik, eta markagailuan hori bera islatu zen. Partzial guztietan atzetik ibili zen talde donostiarra, eta atsedenaldira zortzi goleko desabantaila esanguratsuarekin iritsi ziren bi taldeak (7-15). Bigarren zatian, aldea lau golera murriztea lortu zuen Bera Berak, baina ezin izan zuten norgehiagoka berdindu.
Igandean jokatuko dute finaleko bigarren neurketa, Kanaria Handiko Telde herrian (18:45ean han, eta 19:45ean hemen). Esan moduan, bai ala bai irabazi behar dute finaleko hirugarren eta azken partida erabakigarria Donostian joka dadin, ekainaren 3an.

