Loiolako Erriberako tren trukagailuaren eta Anoeta-Loiola tartea estaltzearen proiektuak batzea eskatu du udalbatzak
EAJk eta EH Bilduk aurkezturiko mozioarekin bat egin dute udal talde guztiek, sozialistek izan ezik.
Loiolako Erriberako tren trukagailuaren simulazioa.Irekia Maiatzeko udalbatzarrean mugikortasunari loturiko hainbat gai jorratu dituzte. Esaterako, Anoeta eta Loiola arteko topo trenbidea estaltzeko premiaz aritu dira. EAJk eta EH Bilduk elkarrekin aurkezturiko mozio baten bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Loiolako Erriberako tren trukagailuaren aurreproiektuaren barruan kokatzea tarte hori estaltzeko egitasmoa: “Kutsadura akustikoa arintzeko eta hiri integrazioa errazteko”.
Horrekin batera, Jaurlaritzari eskatu diote Anoeta-Loiola tartea estaltzeko proiektua Donostiako Udalarekin lankidetzan eta inguruko bizilagunen partaidetzarekin aurrera eramateko. Bestalde, Memoriaren parkea eta Amaiur parkea lotzea eskatu diote.
Udalbatzak mozioa onartu du, baina PSEren kontrako botoarekin. Sozialistek argudiatu dutenez, “jarduera arduratsua eta koordinatua izan behar da”. Era berean, edozein konponbide “zorroztasun teknikotik, erantzukizun instituzionaletik eta kaltetutako bizilagunekiko lankidetzatik” abiatu behar dela esan dute. “”Helburua herritarrei benetako konponbideak ematea izan behar da, erantzukizunetik eta akordiotik abiatuta, eta ez auzokideen arazoak norgehiagoka politikorako erabiltzea”, gaineratu dute.

