Bretxaren irudia berritu dute, «hiriaren zerbitzurako ekipamendu gisa duen nortasuna indartuz»
Hiriarekin konektatutako merkatu eredu publiko bat sendotu nahi du Donostiako Udalak, eta gunearen webgune propio bat sortu dute.
Jon Insausti eta Ane Oiarbide Bretxako irudi berriarekin.Donostiako Udala Donostiako Udalak, Sustapen Sailaren bidez, Bretxa merkatuaren irudi berria aurkeztu du. “Horrela, urrats bat aurrera egin da, Donostian gizarte, ekonomia eta ondare balio handiena duen espazioetako bat eraldatzeko eta berreskuratzeko bidean”, nabarmendu dutenez. Jon Insausti alkateak eta Ane Oiarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak eman dituzte marka berriaren xehetasunak.
Bretxak hiriarekin konektatutako merkatu eredu publiko bat sendotu nahi duela adierazi dute, gai izango dena jarduera ekonomikoa sortzeko, enplegua bultzatzeko, kohesio soziala indartzeko eta Donostiaren tokiko nortasuna nazioarteko bokazioz proiektatzeko.
Udalarentzat, hiriarentzako proiektu estrategiko bat dela adierazi dute, hiru ardatz nagusiren inguruan artikulatzen dena: “kultura, produktua eta talentua. Merkataritza, gastronomia, formakuntza, ekintzailetza eta berrikuntzarekin lotutako zerbitzuak, programak eta ekintzak integratuko dituena”.
Markaren estrategia berria airetik azaleratzen dela zehaztu dute: “Aldamar, San Juan eta Iñigo kaleen artean dauden eraikinak erdiko plaza baten inguruan artikulatzen dira, nortasun bisual berria sorrarazten duen forma bereizgarria sortuz”. Horrela, marka bere kokapenetik abiatuta eraiki dute. “Bere bi bolumenen bidez, ondare balioaren eta etorkizunaren arteko lotura islatu nahi du: erdiko plazak topaketa eta komunitatea sinbolizatzen ditu, eta inguruko kaleek, berriz, Parte Zaharreko bizitzarekiko lotura iraunkorra irudikatzen dute”.
Irudi berria
Bretxaren irudi berriari dagokionez, “forma garbiek, geometria argiek eta egitura bisual soil eta ezaguterrazek” osatzen dutela esan dute. “Proposamenak, gainera, hiru mailatan antolatutako kolore sistema bat jasotzen du: Donostia urdin instituzionala, hiriarekin lerrokatzeko elementu gisa; Beltza, identitatearen oinarri estruktural gisa; eta paleta espezifiko bat, merkatuko espazio eta tipologia komertzialak identifikatzeko eta antolatzeko”.
Gaineratu dutenez, irudi berria ez da erantzun estetiko hutsa: “Aitzitik, Bretxako esperientzia antolatzeko, konektatzeko eta indartzeko tresna bihurtzen da, hiriko bizitzan erabat integratutako espazio ireki eta dinamiko gisa integratzen baitu erabat”.
Insaustiren arabera, “bere merkatua zaintzen duen hiri batek bere herritarrak zaintzen ditu, bere nortasuna, kalitatea eta benetakotasuna zaintzen ditu. Gainera, Bretxa azoka bat baino askoz gehiago da: donostiarren egunerokoa da, topagune eta elkarbizitzarako gune bat, plaza bat, baina baita norberarenganako mimoa eta zaintza ere. Azken finean, arima eta identitatea duen kokapenaz ari garela nabarmendu nahi dugu”.
Oiarbidek zehaztu du marka berriak “irudi berritu bat baino askoz gehiago” adierazten duela: “Tradizioa eta etorkizuna uztartzen dituen hiri proiektu baten adierazpena da. Merkatu modernoago, irisgarriago eta konektatuago bat eraikitzen ari gara, esentzia galdu gabe, eta identitate bisual hau lagungarria da posizionamendu hori indartzeko, herritarrentzako erreferentziazko espazio gisa”.
Bretxari buruzko albiste guztiak webgune batean irakur daitezkeela nabarmendu dute biek: www.bretxaplaza.eus. “Gune digital honek berrikuntza proiektuaren garapenaren berri ematen du gaur egun, eta ekipamenduak hartuko dituen erabilerak eta zerbitzuak ikusgai jarriko ditu”.

