Ibai Agirre gazteak 2031 arte berritu du Realarekin
Erik Bretos kirol zuzendaria eta Ibai Agirre jokalaria, Realaren bulegoetan.Reala Realak harrobiko jokalari baten aldeko apustu esanguratsua egin du. Ibai Agirre erdilari mutrikuarra 2030-2031ko denboraldi bukaera bitarte lotu du. 19 urte ditu eta zeresana ematen ari da sasoi honetan. Haurra zela iritsi zen Zubietara, eta ordutik, etengabe hazten eta koskak igotzen ari da.
Denboraldia txuri-urdinen hirugarren taldearekin hasi zuen. Lau neurketa jokatu ondoren, Jon Ansotegik bigarren taldera igo zuen, eta gutxira, lekua egin zuen hamaikakoan. Guztira, 25 partida jokatu ditu sasoi honetan, bigarren maila bukatzeko jardunaldi bat falta denean. Gainera, lehen taldearekin debuta egin zuen apirilaren 19an, Levanteren kontrako partidan. Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak ere gustuko duela erakutsi du.
Kontratu luzeena
Jon Martin atzelari lasartearrarekin batera, Agirre da Realarekin kontratu luzeena duen jokalaria. Horrek agerian uzten du mutrikuarrarengan sekulako konfiantza duela klubak.

