Larratxo edo Hawaii... festa giroaz, musika onaz eta kolorez blai!
Ekainaren 3an hasiko dira, ofizialki, Larratxoko jaiak. Hala ere, asteburu honetan bertan hasiko dira motorrak berotzen. Musika izango da aurtengo egitarauko apusturik handiena, eta urduritasuna ere nabari da, dagoeneko, auzoko kaleetan barrena.
Iazko Larratxoko jaietako holi festa.Maitane Aldanondo Badatoz kolore festa, mariatxien doinuak, bazkari herrikoiak eta buruhandi eta erraldoien bisitak. Gaur hasiko dira Larratxon jaietarako motorrak berotzen, festa giroan erabat murgildu baino lehen.
Oso egitarau zabala prestatu dute, urtero bezala. Neke tonuarekin kontatu du hori jai batzordeko Naiara Crujeirasek; izan ere, oso gutxi dira antolaketa taldean, hamar bat, eta jaietan haizea hartzeko denborarik ere ez duten arren, betiko tradizioa da, beste gauza batzuen artean, orduero egitarauan zerbait egotea.
Auzotarren eskuzabaltasuna
Gutxi dira, bai, baina ez zaie auzotarren laguntza falta, eta Crujeirasek auzoko gazteen laguntza azpimarratu nahi izan du; izan ere, ofizialki jai batzordearen parte ez badira ere, beraiek arduratzen dira jaiak girotuko dituzten kontzertuak pentsatu eta kudeatzeaz. Jai batzordetik asko eskertzen dute hori, «ez dakitelako zein musika mota entzuten den, gaur egun».
Kontzertu potenteak
Aurtengo apusturik handiena, hala, kontzertuetan egin dute larratxotarrek: «Beti genbiltzan pausoa eman nahian, eta apustua aurten egin dugu»; izan ere, eta gazteek hala eskatuta, Bengo abeslari oiartzuarraren emanaldia izango dute, baita Jime rap abeslari madrildarrarena ere. Crujeirasek azaldu duenez, auzoa aztoratuta ibili zen, aurtengo kontzertuetako kartela atera zutenean.
Bi eszenatoki jartzen dituzte; bat plazan, eta bestea patioan. Batean «patxangeoa» eta bestean gazteentzako doinuak. Hala ere, mariatxiak izaten dira jaietako gozatuenak. Jaiei amaiera emateko eskaintzen dute emanaldia, eta bereziki gustuko dituzte auzotarrek.
Agerikoa denez, berrikuntza guztiek dakarte musika, aurten; eta, gainera, beti dute mozorrotzeko aitzakia bat: «Iaz, karroza pirata egin genuen; aurten kalejira hawaiarra!». Modu berean ez, baina oso antzekoan, giro udatiarrean hartuko dituzte auzoko kaleak, Ilargi txarangaz lagunduta.
Motorrak berotzea
Jaiak ofizialki ekainaren 3an hasiko diren arren, gaurtik bertatik egongo dira jarduerak Larratxon; Sagardo Eguna izaten da berezienetakoa, eta iaztik, jaien aurreko larunbatean egiten dute, «motorrak berotzeko». Izan ere, egitarauan jarduera gehiago sartzea ezinezkotzat du jai batzordeak, eta hala eginda, lan karga kentzeko aukera dute.
Haurrak, protagonista
Hasierako txupinazoarekin batera botatzen dituzten koloretako hautsek, Holi Festak, protagonismo berezia du, urtero. Hori da haurrek gehien gozatzen dutena… buruhandiak eta erraldoiak ez daudenean. Aurten, egunero aterako dira dantzan, haurren atzetik lasterka; izan ere, ateratzen ez badira, errieta ere jasotzen du jai batzordeak, haurren partetik. Horregatik, eguneroko hitzorduaz gain, erraldoien topaketa egingo dute, aurten ere.
Altzalore aisialdi taldearen eskutik, gainera, haurrek jarduera bereziez disfrutatzeko aukera izango dute. Haurrek, gazteek, helduek… baita jaioberriek ere! Izan ere, 2025ko ekainetik aurtengo jaiak bitarte jaiotako haurrei, jaietako zapia jartzen diete, urtero. «Ilara egoten da!», adierazi du, barrez, Crujeirasek.
Horrek adierazten du adin guztietarako egokitutako jaiak direla Larratxokoak, eta ez dutela ondo pasatzeko denborarik galtzen.
Kontsultatu egitarau osoa, hemen.

