Realak denboraldi historikoa garaipen batekin borobildu dezake
Txuri-urdinek Atletico Madril hartuko dute Zubietan ligako azken partidan. Bera Bera, berriz, finaleko hirugarren partida behartzen ahaleginduko da.
Realeko neskak Bartzelonaren kontra jokaturiko azken partidan.Reala Bukatzera doa emakumezkoen liga, eta baita Realaren denboraldi historikoa. Txapeldunen Ligara sailkatu eta hirugarren postua egonkortu ondoren, Atletico Madrilen kontra jokatuko dute ligako azken norgehiagoka. Etzi izango da, Zubietan, 12:00etan. Garaipen batekin borobildu nahi dute sasoi ahaztezina, neguko merkatuko galera garrantzitsu bat gaindituta. Gogoratu behar da Edna Imade aurrelariak, taldeko golegile nagusiak, taldea utzi zuela denboraldi erdian. Horrela ere, txuri-urdinek lehiakortasuna mantendu dute, eta ligako hirugarren talde onena izan dira Bartzelonaren eta Real Madrilen atzetik. Hain zuzen ere, herenegun jokatu zuten Kataluniako taldearen aurka, eta gutxigatik galdu zuten (2-1).
Eskubaloian, Bera Berak finaleko balantza orekatzeko premia dauka. Etxeko lehen partida galdu ostean, Kanaria Handiko Telde herrian irabazi beharko dute etzi, 19:45etik aurrera. Kanaria Handia izango dute aurrez aurre, denboraldia maila paregabean bukatzen ari den taldea. Soilik irabazteak balio du, eta horrela hirugarren partida behartuko dute, ekainaren 3an Gaska kiroldegian jokatuko litzatekeena.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 30. jardunaldia
- Reala – Atletico Madril (etzi, igandea, 12:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ligako finala, bigarren partida
- Kanaria Handia – Bera Bera (etzi, igandea, 19:45)

