Euskal erakundeek Bilbo-Donostia egoitza bateratua aurkeztu dute 2030eko Munduko Futbol Koparako
"FIFAren eskakizun zorrotzak sakon aztertuta, interes orokorra lehenetsiz eta herri ikuspegi batetik jarduteko asmoarekin, aukeraketa prozesuan aurrera egiteko erabakia hartu dugu", adierazi dute.
Anoeta futbol zelaia hautagaitza bateratuan sartu dute 2030eko Munduko Futbol Koparako.Reala Bilboko eta Donostiako Udalek, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, Realarekin eta Athleticekin elkarlanean, egoitza bateratuaren proposamena helarazi diote FIFAri 2030eko Munduko Futbol Koparako. Zehazki, Bilbo eta Donostia hirien hautagaitza bateratua da aurkeztu dutena, San Mames eta Anoeta futbol zelaiak aintzat hartuta.
“FIFAren eskakizun zorrotzak sakon aztertuta, interes orokorra lehenetsiz eta herri ikuspegi batetik jarduteko asmoarekin, aukeraketa prozesuan aurrera egiteko erabakia hartu dugu FIFAri ezarritako baldintza zerrenda bat oinarri harturik”, azaldu dute erakunde guztiek ohar bateratu batekin.
Horrela, FIFAk aukeraketa prozesurako jarritako egutegia jarraituz, tartean diren administrazioek behar besteko ikerketak eta analisiak egin ondoren, antolakuntzak ezarritako eskakizun eta baldintzekin ados eta erabakiak hartzeko orduan interes orokorra eta herri ikuspegia lehenetsi nahi izan dute.
Aipaturikoa oinarri gisa hartuta, erakundeek zazpi puntutan jaso dute proposamena:
1.- Egoitza bietako lurraldeetako erakundeek lau urte daramatzate, lan serio eta zorrotza eginez, 2030eko Mundialeko egoitza bihurtzeko lanetan, eta bide beretik jarraituko dute hemendik aurrera datozen faseetan.
2.- 2022. urtean, Euskal Erakundeek, FIFAk exijitutako zenbait errekerimendu handi ikusita, baldintza orokorrak landu zituzten, eta 2024. urtean FIFAri dokumentu bat helarazi zioten, ikuspuntu ekonomikotik zein hiritargoarengan eragingo zuen inpaktuagatik, egoitza bietako bakar batek ere bere gain hartuko ez zituen alderdiak adieraziz. Euskal erakundeek marra gorritzat nabarmendutako elementuen artean aipatzen dira kostu ekonomiko oso altuak; egoitzetan nazioarteko gertakariak egiteko orduan planteatzen diren exijentziak; arau-markoa aldatzeko beharra; estadioetan inbertsio berriak egiteko derrigorra; Euskadiko hizkuntza ez erabiltzea; lehiaketa egiten den denbora berean egoitza-hirietan beste gertakaririk ez egitea; eta zenbait esklusibotasun Mundiala antolatzen duen enpresaren mesedetan.
3.- 2026ko martxoan, FIFAko ordezkariek San Mames eta Anoeta futbol zelaiak bisitatu zituzten. Bisita amaitutakoan, urte bi lehenago adierazitako baldintzak kontuan hartuak ere izan ez zirela, Erakunde bien aldetik analisi sakon bat egin zen 2030eko Mundialaren egoitza bi hartzeko eskakizun guztiak onartzeak ekarriko lukeenaren inguruan.
4.- Euskal Erakundeek, egoitza bien artean komunean jartzeko prozesu baten ondorioz, ondorengoa erabaki dute: ordezkatzen duten hiritargoaren interesen eta ongizatearen defentsari eutsiz, FIFAri aurrekontu bakar bat aurkeztea, bere gain hartzeko prest egongo liratekeen alderdiak jasoko lituzkeena, kontuan hartuta biak egoitza bakar batean elkartuko liratekeela, bi estadiorekin (San Mames eta Anoeta) 2030ean taldetan antolatuko den faserako, futbol estadio bakoitzean bi partida jokatuz.
5.- Euskal Erakundeek ulertzen dute hala ez egiteak, esandako proposamen hori onartuta zein ez, kaltea ekarriko lukeela euskal gizartearentzat, oro har. Eta hala jakinarazi dio FIFAri egoitzak aukeratzeko prozesurako atzo bertan, 2026ko maiatzaren 31n, bidali zen egutegian oinarrituta.
6.- Hala eginez adierazi da euskal erakundeen interes irmoa, San Mames eta Anoeta izan daitezen FIFAren 2030eko Munduko Kopako partidetarako egoitza. Enpresa antolatzaileak proposamen horri emango dion erantzunaren zain geratu dira orain.
7-. Azkenik, Euskal Erakundeek berretsi egin nahi dute koordinatuta eta arestian adierazitako interes orokorraren mesedetan eta herri ikuspegiarekin lan egiteko konpromisoa, FIFAk exijitutako dokumentazioa seriotasun eta zorroztasun osoz prestatzeko, hautagaitzaren eta antolakuntzaren arteko negoziaketak eramateko behar den diskrezioa errespetatuz, betiere.

