Mikel Zalbide euskaltzain oso emeritu bilakatu da
Mikel Zalbide euskaltzain emeritua. Euskaltzaindia Mikel Zalbide euskaltzain donostiarrak 75 urte bete zituen maiatzaren 9an, eta Euskaltzaindiaren barne arauek agintzen duten moduan, euskaltzain emeritu bilakatu da. Zalbide goiz hasi zen euskalgintzan eragiten eta euskarak bete gabe zituen alorrak hornitzen jardun du urte luzez.
1951n Donostian jaioa, oinarrizko ikasketak jaioterrian osatu ondoren, Goi Mailako Industria Ingeniaritza burutu zuen Nafarroako Unibertsitatean. Halaber, 1972an Euskaltzaindiaren D irakasle titulua eskuratu zuen. Ondoren, unibertsitate alorreko hizkuntza normaltzea bideratzeko lanetan jardun du, Elhuyar Kultur Taldearen eta Elhuyar aldizkariaren sortzailetako bat da, Udako Euskal Unibertsitatearen antolatzaile izan zen hainbat urtez, baita Eusko Ikaskuntzako kide ere. UZEIren zientzia eta tekniken alorreko hiztegigintzaren arduradun izan zen: fisika, kimika, matematika eta abar. Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordearen kide izan da 1982-1990, 1997-2001 eta 2005-2009 artean, eta, 1981-2014 artean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean aritu zen lanean, Euskara Zerbitzuaren buru gisa. 2014an hartu zuen erretiroa.
Euskaltzaindiaren baitan ere lan eskerga egin du hizkuntzalari donostiarrak. Honela, Akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1983ko apirilaren 28an, eta euskaltzain oso 2006ko apirilaren 27an. 1976tik, Euskaltzaindian hiztegigintzan eta Jagon Sailean aritu da bereziki. 2007tik euskararen historia soziala jorratzen duen Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri egitasmora bideratu du bere ahalegina, aholkulari eta zuzendari gisa.
Horrez gain, hainbat liburu argitaratu ditu, aipagarrienetako batzuk honakoak dira: Maileguzko hitzak: idazkera eta ebakera (UZEI, 1981); Hitz elkartuen osaera eta idazkera: LEF batzordearen emaitzak, Euskaltzaindiaren gomendio-arauak (Euskaltzaindia, 1992); Euskararen historia soziala lantzeko eredu metodologikoa; Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (1981-2011): transmisioa eta gaitasuna, portaera linguistikoen motibo subjektiboak, eta mintzajarduna: bilakaera eta aurrera begirako erronkak.
Zalbideren hutsunea betetzeko proposamenak ekaineko eta uztaileko osoko bilkuretan jasoko dituzte. Hautaketa, berriz, irailean egingo dute Iruñean aurrera eramango duten bilkuran. Jakina denez, euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dute. Proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dira xeheki.

