Txirrindulari ingelesak izan dira onenak Gipuzkoa Klasikoan eta Zumy sarian
Mark Ketteringham izan da azkarrena Egiako helmugan, eta sailkapen nagusia Milo de la Mare gazteak eskuratu du.
Miro de la Mare txapelduna lehen planoan, eta Mark Ketteringham Egiako irabazlea atzean, eskuinean.Martin Early Ormaiztegin hasi eta Donostian bukatu zen atzo txirrindularitzako gazte mailako Gipuzkoa Klasikoa. Nazioarteko taldeen presentzia erabakigarria izan zen, talde horiek eta haien ziklistak izan zirelako protagonistak. Hiru etapak eta sailkapen nagusia ingelesek eskuratu zituzten.
Larunbatean jokatu ziren lehen bi etapak. Goizekoa, Ormaiztegin hasi eta bukatu zena, Matthew Fletcher (Harrogate Nova Race Team) gazteak irabazi zuen. Arratsaldeko kronoigoeran, berriz, Milo de la Marek (CAMS Majaco) egin zuen denborarik onena, eta liderraren maillota jantzi zuen.
Atzo, hirugarren eta azken etapa erabakigarria lehiatu zen Donostian, Zumy sari nagusia. Egian hasi eta bukatu zen lasterketan Mark Ketteringham (Harrogate Nova Race Team) izan zen azkarrena helmugan, eta Milo de la Marek —zortzigarren sailkatuta— Gipuzkoa Klasikoa irabazi zuen. Podiuma, berriz, Julian Kadrispahic (Cannibal Bahrein Victorius) alemaniarrak —bigarren—, eta Dexter Townsend (Harrogate Nova Race Team) ingelesak —hirugarren— osatu zuten.
Donostialdea Bizikletanen partaidetzari dagokionez, soilik Martin Leblanc gazteak bukatu zuen itzulia. Egiako etapan eta sailkapen orokorrean 73. postuan bukatu zuen.


