Illunbeko biribilgune berriak 1,3 milioi euroko aurrekontua du
Illunbe parean eraikiko dute biribilgune berria, Begiristain Doktorearen pasealekuan. Donostiako Udalak Illunbeko biribilgune berriaren obrak kontratatzeko espedientea onartu du. 1.319.686 euroko aurrekontua du, eta lanak egiteko sei hilabeteko epea. Miramongo Parke Teknologikoa handitzeko proiektuaren barruan kokatzen da aipaturiko biribilgunea.
“Zientzia eta berrikuntza arloetan oinarritutako ekonomia sendoa bultzatu nahi dugu eta Miramongo Parke Teknologikoaren hazkundeak horri erantzuten dio. Lehiakortasun eredua indartu nahi dugu eta horretan buru-belarri lanean gaude”, adierazi du Jon Insausti alkateak.
Horrekin batera, hainbat datu eman ditu: “200 enpresak baino gehiagok osatzen dute Miramongo parkea. Guztira 6.500 langile dituzte eta urtean 1.500 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzte. Gaur egun Illunberantz egiten ari den zabalkuntzari esker, urte honen amaieran Bioteknologiako HUB berri bat izango du, Columbus Venture buru duena, eta 80 milioi euroko inbertsioa izango du. Horrek guztiak bide azpiegiturak ere eskatzen ditu eta horregatik dator sarbide-biribilgunearen proiektua, lehiakortasunaren mesedetan”.
Biribilgunea
Illunbeko biribilgune berriaren proiektuaren arabera, hamaika metroko barne erradioa izango du, eta egungo malda %3 lausotuko dute. Horri esker, arintasun handiagoa izango da Illunberako sarbideetan, jarduera handiagoa hartzen hasten den unean, eta, gainera, Amara Berriko trafikoak deskargatuko ditu, ibilgailuak zuzenean joan ahal izango baitira ospitalearen inguruan sarbidea duten edukiera handiko bideetara.

