Parte Zaharreko hainbat denda eta taberna zigortu ditu udalak fatxaden araudia urratzeagatik
Parte Zaharreko Kale Nagusia.Xalba Ramirez Donostiako Udalak iazko apirila bukaeran eman zion hasierako onarpena Parte Zaharreko eta kaiko plan bereziari. Ordea, behin betiko onarpena luzatzen ari da planari aurkezturiko alegazioak ehun inguru izan zirelako. Horiek erantzun bitartean, planak aurreikusten duena aplikatzen hasia da udala. Esaterako, Parte Zaharreko fatxaden araudia errespetatzea. Ondorioz, hainbat denda eta taberna zigortu dituzte aipaturiko legedia urratzeagatik.
Horren inguruan galdegin diote Jon Insausti alkateari gaurko Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian. Isunak jartzen ari direla aitortu du, eta tramitatzen ari diren plan bereziarekin lotura zuzena dutela. “Parte Zaharra bere osotasunean arautuko duen planarekin buru-belarri gabiltza. Horrela, kalean eta fatxadetan dauden elementuak ordenatu behar dira. Guztion artean zaindu behar dugu nahi dugun auzoa, baita ostalariek eta merkatariek ere”, adierazi du alkateak.
Duela bi urte inguru fatxadetako toldoak erretiratu eta debekatu zituztela gogoratu du. Dena dela, oraindik fatxadetan udal ordenantza betetzen ez duten elementuak daudela gaineratu du: “Kartelak, fokuak eta beste elementu batzuk kentzen ari gara, pixkanaka horiek erretiratu behar direlako”.

