Donostia adinekoentzako nazioarteko elkargune nagusi bihurtuko da
Gaur aurkeztu dute Hiri eta Komunitate Lagunkoien 3. Mundu Kongresua, Kursaalen.Donostiako Udala Donostiak adinekoentzako hiri eta komunitate lagunkoiei buruzko nazioarteko topaketarik handiena hartuko du ekainean. Hilaren 16tik 18ra bitartean, OMEk eta Imsersok bultzatutako Hiri eta Komunitate Lagunkoien 3. Mundu Kongresua egingo dute, Kursaalen.
Topaketak 60 herrialde baino gehiagotako ordezkari instituzionalak, arduradun publikoak, ikertzaileak, erakunde sozialak eta adituak bilduko ditu. Guztira, 1.700 hiri eta komunitatetatik etorriko dira, eta parte hartzeko 400 proposamen inguru jaso dituzte.
Gaur egin dute ekimenaren aurkezpen instituzionala Kursaaleko terrazan, eta bertan izan dira Agustin Martinez Molina, Imsersoko koordinatzailea eta Kongresuko presidenteordea; Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia eta Jon Insausti, Donostiako alkatea.
Nazioarteko erreferentzia
Antolatzaileek azpimarratu dute hitzordu honek aitortza egiten diola Donostian, Gipuzkoan eta Euskadin komunitate inklusiboagoak eta lagunkoiagoak eraikitzeko egiten den lanari.
Melgosak nabarmendu du bizi itxaropena “gizartearen garaipen handia” dela eta adinekoek erdigunean egon behar dutela, eta horren harira, Mendozak adierazi du Gipuzkoak zaintza pertsonalizatua eta komunitateari konektatua bermatzen duela. Hain justu, topaguneak askotariko gaiak jorratuko ditu, gizarteko konexioa, inklusio digitala, jasangarritasuna, ekitatea edota desberdintasun berriak aztertuz.
Lagunkoia Plaza
Kongresuko barne jarduerez gain, EAEko hiru erakundeek Lagunkoia Plaza bultzatuko dute, Kursaal kanpoko plazan. Hilaren 16tik 18ra bitartean, herritarrei irekitako gune honek elkarrizketa eta hausnarketa espazio publikora ateratzea du helburu; izan ere, herritarrek hainbat galderari erantzun ahal izango diote bertan: “Zer da zuretzat adin guztientzako hiri bat?”, besteak beste.
Horrez gain, askotariko jarduerak antolatuko dira: Adinberri Saioa, podcastak, topaketa komunitarioak edota Alzheimerra aurreikusteko proiektuaren estrategia, besteak best

