Gaueko lasterketan 2.650 korrikalarik eman dute izena
Lasterketaren aurkezpena, Alderdi Ederren.Donostia Kirola Larunbatean, hilaren 6an, hirugarrenez egingo dute Binter NightRun lasterketa. Hiriko egutegian dagoeneko finkatutako proba da, eta 2.650 lasterkarik eman dute izena. Hain zuzen ere, “marka guztiak hautsi” dituztela adierazi du Donostia Kirolak, iaztik %10 igo delako partaidetza.
Saguesen hasi eta bukatuko da lasterketa. Horrela, lehen edizioaren irteera eta helmuga berreskuratuko ditu. “Lasterketak berriro ere kirolez, jai giroz eta elkartasunez beteko ditu hiriko kaleak”, nabarmendu dute udaleko iturriek. “Gure hiriak bizi duen kirol dinamismoaren eta kirolak ohitura osasungarrien inguruan milaka pertsona biltzeko duen gaitasunaren beste adibide bat da proba hau”, gaineratu du Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak.
Horrekin batera, pozik agertu da lasterketa horretan emakumeek duten parte hartze handiarekin. Izena emandako pertsonen %52 emakumeak dira, eta ehuneko hori % 68koa da 5 kilometroko proban. “Bereziki harro gaude errealitate horretaz, hiriak kirol-jarduera berdinzaleago eta inklusiboago batekin duen konpromisoa islatzen baitu”, adierazi du Gabarainek.
Milia Berdea eta lehiak
Jardunaldia 20:00etan hasiko da, Milia Berdearekin: 1,7 kilometro inguruko proba solidarioa da, eta Minbiziaren Aurkako Elkartearen Gipuzkoako Ordezkaritzari ematen zaio bildutako dirua. Parte hartzaileek dortsal solidarioak erosi ahal izan dituzte, 5 eta 10 euroko ekarpenak eginez. Ondoren, 5 kilometroko lasterketa egingo da, irteera 20:45ean izango da; eta jarraian, 10 kilometroko lasterketa egingo da, irteera 21:45ean izango da.
Ibilbidea Saguesetik abiatu eta hiriko espazio enblematikoenetako batzuetatik igaroko da, hala nola Zurriola etorbidetik, Kursaal ingurutik, Santa Katalina zubitik, Grosetik eta Ategorrietatik, eta abiapuntuan amaituko da. 10 kilometroko lasterketako parte hartzaileek bi bira emango dizkiote zirkuituari.

