Gaurko egunez, duela 90 urte, Txirrita bertsolaria zendu zen
Hernaniko Ereñotzu auzoan jaioa, Altzan pasatu zituen bere bizitzako azken urteak Txirritak. Euskal Herriko bertsolari historikoenetako bat da.
Txirrita bertsolaria (ezkerrean), Salburu bertsolariarekin.Indalecio Ojanguren / Wikipedia 90 urte bete dira gaur, ekainaren 3an, Jose Manuel Lunjanbio Retegi Txirrita bertsolaria zendu zenetik (Ereñotzu, 1860 — Altza, 1936). 1860ko abuztuaren 14an jaio zen, Hernaniko Ereñotzu auzoan, Latze-Zar baserrian. 13 urte zituela, Errenteriako Txirrita baserrira joan zen bizitzera familia, eta hortik hartu zuen goitizen ezaguna.
60 urterekin, ordea, Altzako Gazteluene baserrira joan zen bizitzera, haren arrebaren etxera; han eman zituen bere bizitzako azken hamabost urteak. Hain zuzen ere, Gazteluenen zendu zen Txirrita, 1936ko ekainaren 3an. Goizuetako plazan bazkaldu ondorengo bertso saioa egin ondoren, ondoezik sentitu zen, eta etxera eraman zuten. Handik egun batzuetara hil zen, 75 urte zituela.
Azken unera arte izan zuen umorea ahoan Txirritak, “oraintxe 150 kilo ez daude gaizki” izan omen baitziren bere azken hitzak. Politikoki konprometitua ere bazen Txirrita, eta, hain justu, frankistak haren bila joan ziren, fusilatzeko asmoz; ordea, hilda zegoen ordurako. Altzan arrastoa utzi zuen Txirritak, eta horren erakusgarri da gaur egun Altzan bere izena daraman kalea. “Nere aipamenak izango dira beste 80 urtian”, esan zuen Txirritak behin, eta bistan da motz gelditu zela.
14 urteetatik
14 urte zituela aritu zen jendaurrean bertsotan estreinakoz, Ereñotzuko San Antonio ermitaren aurrean. Ordutik aurrera, plaza eta festa batetik bestera aritu zen kantatzen, eta parrandazale ospea bereganatu zuen. Altzan bizi zela, Martillun baserrira joateko ohitura omen zuen, lagunekin ardotan edo sagardotan egitera, eta bertsotan aritzen zen han. Horrela, Juanaenea baserriko Evaristok egiten zizkion taxilari lanak, eta gurdian eramaten zuen batetik bestera.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren saioko txapela jantzi zuen 1936ko urtarrilean, aurreko urtean Basarriren atzetik txapeldunorde izan eta gero. Uztapiderekin berdinduta bukatu zuela onartu zuen epaile batek, baina bertsolari gazteak txapela aurrerago janzteko aukera izango zuelakoan, Txirritari eman zioten omenaldi gisa. Bestalde, haren kantuak hainbat musikarik musikatu izan dituzte, besteak beste, Xabier Letek. Era berean, nabarmentzekoa da ETB1ek berari buruzko marrazki bizidunak egin zituela.


