Lesbosko errefuxiatuei laguntzeko janari bilketa antolatu du Lauaizeta Ikastolako ikasle talde batek
Janari bilketaren berri emateko kartelak jarri dituzte Egia eta Intxaurrondoko kaleetan. Lauaizeta Ikastola Intxaurrondoko Lauaizeta Ikastolako BHIko 2. mailako ikasleek proiektu berri bati ekin diote azken asteotan. Hain zuzen ere, errefuxiatuen egoera aztertzen aritu dira Zaporeak elkartearekin lankidetzan. Greziako Lesbos uhartean dagoen errefuxiatu kanpamenduan daudenek bizi duten egoera lazgarria ezagutzeko aukera izan dute. Izan ere, 3.000 lagunentzako prestatua zegoen eremu batean, 20.000 pertsona egotera heldu dira.
Zaporeak egitasmoak haien alde egiten duen lana ezagutzeaz gain, ordea, ikasleek errefuxiatuei laguntzeko baliatu nahi izan dute aukera. Hala, janari bilketa bat antolatu dute. Gaurtik datorren asteazkenera bitartean, hilaren 3tik 10era, luma makarroi paketeak bilduko dituzte Intxaurrondo Ikastolan, Intxaurrondo Hegoan ikastetxean, Egiako Aitor ikastolan eta Lauaizetan bertan. Hala, bi auzoetako ikastetxe horien arteko elkar lanerako aitzakia ere izango da.

