Bost geldialdi egingo ditu Dantz Pointek, bi Donostian
Eremu publikoaren, ondarearen eta talentu berrien aktibazio kulturalaren alde egiten duen Dantz Point musika elektroniko egitasmoak bost saio antolatu ditu Gipuzkoako beste hainbeste kokalekutan, uztaila eta urria bitartean. Horietako bi, Donostian aurrera eramango ditu. Jada ohikoa bilakatu den Aste Nagusiko hitzordua, abuztuaren 14an izango da aurten, oraindik zehaztu gabeko lekuan; eta horrez gain, azken emanaldia, urriaren 3an, Donostiako Hipodromoan egingo du. “Zikloa ixteko balio sinboliko, historiko eta paisajistiko handiko espazioa”, Jokin Telleria antolatzailearen esanetan.
Proiektuak atari zabaleko eremu publikoak , ondarezkoak eta naturalak aktibatu eta berraktibatu nahi ditu, ingurunearekiko errespetuzko esku-hartzeen bidez, jasangarritasun, herritarren bizikidetza eta parte-hartze kolektiboaren irizpideekin bat eginez. Aktibazio bakoitza garatzen den lekuaren identitate propiotik abiatzen da, Gipuzkoako esanahi natural, historiko, urbano edo soziala duten enklabeak balioan jarriz: uztailak 11, Zumaia; abuztuak 14, Donostia; irailak 19, Arrasate; irailak 26, Errenteria; eta urriak 3, Donostiako Hipodromoa.
Dantz point denboraldiak esanahi berezi du Dantz Festivalaren hamargarren urteurrenarekin bat egiten baitu. Jaialdia abuztuaren 28an eta 29an aurrera eramango dute Donostian. Mugarri horrek Dantzen hamarkada bateko ibilbidea markatzen du proiektu kultural gisa, musika, berrikuntza, ondarea eta komunitatea konektatzen dituen eredua sendotuz, eta Euskadi musika elektronikoaren nazioarteko mapan kokatuz.

