Ezkiagaren biktimek bere egoeraren berri eman dute Legebiltzarrean
Justizia eta Giza Eskubideak batzordearen bileran izan ziren Olatz Mercader eta Marisol Zamora.Eusko Legebiltzarra La Salle ikastetxean Patxi Ezkiagaren sexu abusuak jasan zituzten biktimen ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Legebiltzarrean, haien egoeraren berri emateko, Arartekoak ia bi urteko prozesuaren ondoren gauzatu berri duen txostena xehatzeko eta La Salle ikastetxeak haiekiko izan duen eta duen jarrera azaltzeko. 2018an hildako Ezkiagak 1976tik 2012ra bitartean egindako abusuen biktimen egoera azaltzeko ardura izan zuten Marisol Zamorak eta Olatz Mercaderrek.
Arartekoak kasuari buruz egindako txostenean La Salleri eskatu zion jendaurreko erreparazio ekitaldi kolektibo bat egiteko. Eskaria eskertu zuten bi biktimek, eta ikastetxeak “erreparazio kolektibo orori atea itxi izana” gaitzetsi. Ikastetxeak bere webgunean duen ohar batean Ezkiagaren abusuak “irmo gaitzesten” ditu eta biktimei babesa nahiz erreparaziorako borondatea adierazten die. Hala ere, Arartekoak proposatutako ekitaldia errefusatu eta Priva sistemaren alde egin du —gobernuak eta Eliza sexu abusuen biktimei kalte ordainak emateko itundutakoa— aitorpen bide gisa. Zamorak eta Mercaderrek gaineratu zutenez, bere garaian La Sallek “beste aldera” begiratu zuen, Ezkiagak “ez zuelako itzalean jokatzen. “Ahulen ginenean, gure ezkutu izan behar zutenek konplize izan ziren beren isiltasunarekin”, deitoratu zuten.
Horregatik, Zamorak eta Mercaderrek talde parlamentarioei planteatutako neurri sortaren artean, balizko abusuen aurrean “isildu egiten diren erakundeei kontuak eskatzea” dago. Halaber, “egia ezagutzeko mekanismo independenteak” eskatu zituzten, “ikerketa inplikatutako erakundeen esku gera ez dadin”. Baita biktimei terapiak ordaintzeko erreparazio funts publiko bat eta haurren sexu abusuagatik trauman espezializatutako arreta integraleko zerbitzu publiko, doako eta iraunkor bat ere, epe luzeko laguntza psikologiko eta juridikoa eskainiko duena.
Horrez gain, finantzaketa publikoa “konpromiso etiko” bati lotzea ere nahi dute. Hala, diru publikoa badago, adingabeentzako “erabateko segurtasunaren truke” izan behar du eremu guztietan. “Ez dugu gune itsurik nahi, non harrapari bat berriro ere zigorgabe senti daitekeen” azaldu zuten.

