Paul Segurola gazte donostiarra, arkitekturatik Guccirekin desfilatzera
Gucci luxuzko markarekin desfilatu berri du Paul Segurola Larrinagak New Yorken (AEB), Paris Hiltonen moduko nazioarteko izarrekin batera: "Benetan zorte handikoa sentitzen naiz".
Paul Segurola, Gucciren desfilean, Paris Hiltonekin.Getty Images / Gucci Gucci luxuzko produktuen etxe italiarrak GucciCore moda desfile entzutetsua egin zuen maiatzaren erdialdean New Yorkeko Times Squaren, nazioarteko izarrez beteta: Paris Hilton, Tom Brady eta abar. Izar horien guztien artean, modelo donostiar gazte batek desfilatu zuen: Paul Segurola Larrinagak (Parte Zaharra, 2003). Guccirekin desfilatu duen lehenengo donostiarra da.
“Nire bizitzako egunik ahaztezina izan zen”, adierazi dio Segurolak IRUTXULOKO HITZAri, pozik. “Munduko pertsonarik ezagunenekin ospatu eta after party-an egotea sekulako esperientzia izan zen. Benetan zorte handikoa sentitzen naiz hori guztia bizitzeko aukera izan dudalako”, gaineratu du.
Gainera, dioenez, Times Squareko desfileak modelo mundurako “ate berriak” ireki dizkio: “Hilabete honetan, Milango agentzia batekin sinatuko dut, eta uda honetan Milanen lanean jarraitzea espero dut”.
Arkitekturatik pasarelara
Segurolak azaldu duenez, duela hiru urte hasi zen Times Squareko pasarelara eraman duen abentura: “Oso istorio arraroa eta zoragarria izan da. Duela hiru urte inguru hasi zen dena: New Yorkeko parke batean kuadrillarekin skatean nenbilen, eta, derrepente, emakume bat hurbildu zitzaidan eta inoiz modelo izatea pentsatu ote nuen galdetu zidan. Inoiz ez zitzaidan burutik pasatu, baina proposamenak zirraragarria eta dibertigarria zirudien, eta horregatik onartu nuen kontratua, ia pentsatu gabe”.
Arkitektura ikasketetan buru-belarri zebilen orduan Segurola: “Handik urtebetera, Yale unibertsitatean onartu ninduten, baita Europako eta Amerikako Estatu Batuetako arkitektura eskolarik onenetako batzuetan ere”. Horrela, “duela hilabete batzuk” iritsi zitzaion modelo gisa izan duen aukerarik handiena: “Nire agenteak bideo bat grabatzeko eskatu zidan —nola ibiltzen nintzen erakutsiz— baita nire argazkiak eta neurriak bidaltzeko ere. Handik gutxira, esan zidan Guccik niregan interesa zuela, modelo posible gisa. Momentu hori guztiz surrealista izan zen niretzat”.
Dioenez, beti jarraitu izan du “gertutik” modaren mundua, eta, bereziki, Gucciren zuzendari sortzaile Demna Gvasaliaren ibilbidea: “Cristobal Balenciagaren etxea Internetaren kulturarekin hazi den belaunaldiarentzat berrasmatu zuen modu ikusgarrian, eta argi nuen Guccin ere historiari jarraituko ziola eta gure garaiko diseinatzailerik garrantzitsuenetako bat bihurtuko zela”.
Horrela, Segurolak dio “harrituta” gelditu zela ikusi zuenean norekin desfilatuko zuen: “Paris Hilton, Tom Brady, Cindy Crawford, Emily Ratajkowski edo Alex Consaniren moduko izenekin pasarela partekatzea ikaragarria zen, eta ordurako banekien desfile berezia izango zela”. “Baina benetako ezustekoa bezperan iritsi zen: Times Square erdian desfilatuko genuela esan ziguten. Gau hartan ia ezinezkoa izan zitzaidan lo egitea urduritasunagatik eta emozioagatik”, gaineratu du. Horregatik, argi dauka: “Nire bizitzako egunik ahaztezina izan zen”.



