Zer plan duzu asteburu honetarako?
'Agur Etxebeste' filma proiektatuko dute asteburuan. Zer plan asteburu honetarako? Gure agendan askotariko kultur eta aisialdi proposamenak aurkituko dituzue, baina, horrez gain, egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizuegu jarraian. Era berean, ez ahaztu Larratxoko jaien asteburu indartsua ospatuko dutela asteburu honetan, eta Herrerako jaietarako berotzen hasiko direla; jaien gure atal berezian dituzue egitarauak.
Ostiralean (hilak 5), zinema arloko proposamen bat: Aizpea Goenaga eta Elena Irureta aktoreek aurkeztuta, Asier Altunak eta Telmo Esnalek 2019an ondutako Agur Etxebeste! filma proiektatuko dute Tabakaleran, 19:00etan. Sarrerak 4,5 euroan daude salgai, Tabakaleraren webgunean.
Larunbatean (hilak 6), Tabakalerako beste kultur proposamen bat, musika arlokoa: GĒRE eta Saguxar euskal musika taldeek joko dute Kutxa Fundazioa Kluba aretoan. Sarrerak Tabakaleraren webgunean eta han bertan daude salgai, 12-15 euroan.
Igandean (hilak 7), historia zaleentzako proposamena: Pedro Barruso historialariak «Sanseestabien» durante la guerra civil hitzaldia emango du San Telmo museoan, 36ko gerra hasi zen uda hartan Donostian bizi izan zenaren inguruan. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.
Bonus track. Astean zehar egiteko planak proposatu ordez, astebururako egun osoko bi plan berezi proposatuko dizkizuegu aste honetan, bonus track gisa. Alde batetik, Añorga Eguna antolatu dute larunbatean: 13:30ean elkartuko dira frontoiaren inguruan, talde argazkia egin eta herri bazkarira joateko, bingoan jolastuko dira bazkalostean eta Siwanaba eta Arte DJ-en musikaz disfrutatzeko aukera izango dute arratsaldean. Bestetik, erromeria antolatu du Intxaurrondo Zaharreko jai batzordeak Uliako mintegietan: 11:00etan hasiko da festa, haurrentzako jolasekin, eta, 12:30etik aurrera, Revolutionary Brothersen musikak girotuko du gunea. Paella jate herrikoia egingo dute eta, arratsaldean, Revolutionary Brothers eta Lagunak igoko dira oholtzara.

