Zubietako Lanbide Eskolak giro ederrean ospatu du bere 50. urteurrena
Zubietako Lanbide Eskolaren 50. urteurreneko festa.Zubietako Lanbide Eskola 50 urte bete berri ditu Zubietako Lanbide Eskolak, eta urteurren berezi hori ospatzeko festa egin zuten pasa den larunbatean herrian, ikasle ohiak, langile ohiak, egungo ikasle eta langileak, familiak eta herritarrak elkartuz. “Goizean goizetik, nabarmena izan zen mugimendua eskolan”, nabarmendu dute: “Haur eta helduentzako jolas eta ekintza ugari antolatu ziren, besteak beste ur jolasak, bizikleta zirkuitua, toka, boloak eta adin guztietarako hainbat erronka eta joko”.
12:00etan egin zuten urteurreneko ekitaldi nagusietako bat: Zubieta Lanbide Eskolaren 50 urteko historiari buruzko bideoaren aurkezpena. “Irudi historikoz eta ikasle ohien, langile ohien, egungo langileen eta ikasleen lekukotzez osatutako ikus-entzunezkoak harrera beroa izan zuen bertaratuen artean. Bideoan zehar nabarmendu ziren eskolaren historian behin eta berriz errepikatu diren balioak: langileen inplikazioa, lanerako gogoa, elkarlana eta edozein erronkari aurre egiteko prestutasuna”, azaldu dute.
Gaineratu dutenez, bideo aurkezpenari amaiera berezia eman zioten, musikaren bidez, “izan ere, eskolako irakasleen artean musikariak ere badira, eta haiek eskainitako emanaldiak txalo zaparrada jaso zuen bertaratuen artean”. Oaintxe In Deu txarangaren txanda izan zen ondoren, haien doinuek girotuta joan baitziren elkarrekin Zubietako plazaraino, jai batzordeak jarritako txosnaren inguruan elkartu, eta, ondoren, frontoian herri bazkari jendetsua egiteko.
Arratsaldean, Kitadelpare txarangak hartu zuen lekukoa, “kaleak musikaz eta giro onez betez”, eskolako kideen esanetan. Txilipipar taldearen kontzertuak eta Zzero DJ-aren saioak eman zioten amaiera egunari.
1975etik, gelditu gabe
1975ean jaio zen Zubietako Lanbide Eskola, Aginagako parrokiako lokaletan, “ia auzolanean”, kideek gogorarazi dutenez. “Gaur egun, ia 500 ikasle dituen erreferentziazko zentro bihurtzea lortu du. Azken urteotan, berrikuntza proiektu ugari garatu ditu, nazioarteko sareetan parte hartu du eta Europako hainbat herrialdetan ezaguna den Lanbide Heziketako zentro bilakatu da”, gehitu dute. Horrela, urteurreneko ospakizuna “eskolaren historiaren, komunitatearen eta elkarlanaren ospakizuna” izan da, antolatzaileen hitzetan.



