Herreratarrak udaletxe aurrean mobilizatu dira auzoko «utzikeria» salatzeko
Herreratarrak udaletxe aurrean bildu dira, auzoak pairatzen duen "utzikeria" salatzeko.Beñat Parra Herrerako bizilagunak Donostiako udaletxearen aurrean elkartu ziren atzo, hilak 4, auzoak pairatzen dituen hainbat gabezia eta bizi duten “utzikeria” egoera salatzeko. Herripe auzo elkarteak deitutako mobilizazioa Herreraren duintasunaren alde! lelopean egin zuten.
Auzotarrek mahai gainean jarri zituzten Herrerak dituen hamar arazo eta gabezia nagusiak. Deitzaileek azaldu dutenez, udalak baztergarri bihurtu du auzoa eta erakutsitako jarrera “onartezina” da. Adibide gisa, azkenaldian izandako hainbat gertaera larri aipatu dituzte; besteak beste, auzoko gune batzuetan argirik eta urik gabe bizi direla, zaborraren eta arratoien pilaketarekin batera. Bizilagunen esanetan, “erabat ahaztuta” sentitzen dira, eta egoera horrek segurtasun gabezia eta ezinegona areagotu besterik ez du egin.
Lokal eta azpiegituren egoera ere kritikatu dute: trenbideen inguruetan utzikeria nabarmena dela adierazi dute, eta Herrerako begiratokian jarritako komun publiko berria matxuratuta dagoela aspalditik, udal arduradunen aldetik konpontzeko inolako interesik jaso gabe.
Mobilizazioaren bidez, herreratarrek oinarrizko zerbitzuak bermatzeko, bizikidetza berreskuratzeko eta euren auzoari zor zaion errespetua izateko exijitu zioten udal gobernuari. Euren hitzetan, “ez dute gutxiago izan nahi”, eta adi jarraituko dute agintariek neurririk hartzen duten ikusteko.

