Leiho huts batetik
Leiho bat.Joseba Parron San Sebastian Aspalditik dago leiho hori zabalik.
Hutsik, bakarrik.
Izango du kresal usaina, zapore gazia egurretaraino, ikusiko zituzten bertatik itsasontziak portura iristen, eguna argitzen, itzaltzen.
Arima galduren bat, hamaika muxu emateko toki galduren baten bila.
Egongo dena hutsik, bakarrik.
Kresal zaporearekin.
Leiho horretatik sentituko zituzten egunsentian etxera itzuli nahi ez dutenak, bizirik daudenak, bihotza hautsi dietenak —bizirik egotearen kontrakoa, alegia—.
Bizitza apur bat arintze aldera, oinak itsasoan sartuko zituztenak. Hausnartzera hareatzetan eseriko zirenak. Ihesean dabiltzanak, igerian, lasterka.
Itsasoa haserre ikusiko zuten, malenkoniatsu. Sartuko zen gaua ere gela horretan. Entzungo zuten itsasoaren arnasketa hiria dagoenean isilik, arnasarik gabe.
Ahotsak, zaratak, enbatak.
Sumatuko zuten egurraren pitzaduretan denboraren pisua, ikusiko zituzten margoaren ezkatak erortzen, zahar, ahul.
Horiek denak ikusiko zituzten leiho horretatik, eta konturatuko ziren, kaleetan idazten direla benetakoak diren gauza guztiak.
Kresal usaina dutela, zaporea dela gazia eta gelditzen dela azalaren zirrikitu guztietan.

