‘Txalaparta’ proiektuak irabazi du Illunbeko pabiloi anitzeko nazioarteko lehiaketa
Gaur aurkeztu dute Illunbe berrirako proiektua.Nagore Garmendia Bukatu da Illunbeko erabilera anitzeko pabiloi berriaren proiektua aukeratzeko nazioarteko lehiaketa. Epaimahaiak IDOM ingeniaritza eta arkitektura estudio euskaldunak aurkeztutako Txalaparta proposamenari eman dio lehenengo saria. Proiektu horren bidez, Illunbeko eremua ekipamendu estrategiko berri baten bidez dinamizatu nahi da, urte osoan zehar jarduera jarraitua sendotuko duen hiri, kirol eta kultura topagune handi bihurtzeko: “Honek guztiak mugarri berri bat jarriko du hirian”, adierazi du Jon Insausti alkateak.
Proiektuaren aurkezpenean alkatea egoteaz gain, Ane Oyarbide Tokiko Ekonomia eta Enpleguko zinegotziak eta David Feijoo Donostia Kiroleko zuzendariak ere parte hartu dute.
Epaimahaiaren balorazioa
Erabakia hartzerakoan, epaimahaiak puntuaziorik handiena eman dio Txalaparta proposamenari, ikuspegi funtzional, espazial eta operatibotik konponbiderik orekatuena dela iritzita. Hala ere, prozesua “lehiakorra” izan dela adierazi du alkateak: “tamaina handikoa”. Asko baloratu dira programa funtzionalaren eskakizunetara egokitzea, arkitektura kalitatea, ingurumen ezaugarriak eta bideragarritasun tekniko, ekonomiko zein funtzionala.
Proiektuak bi ataletan banatzen du eraikina, konfigurazio bolumetriko bakarrean integratuta, masa sentsazioa murrizteko eta hiriarekin hobeto bat egiteko. Lursailaren okupazio handirik planteatzen ez duenez, gune libreak sortzen ditu inguruarekin erlazionatzeko. Gainera, kirol eta kultura bulebar berri bat sortuko da sarbideak eta ibilbideak antolatzeko, oinezkoen mugikortasuna erraztuz.
Bi arena independente baina koordinatu
Zenbait ekitaldi aldi berean egitea ahalbidetuko du proiektuak: kirol jarduerak, kultura ikuskizunak, kontzertuak edota azokak. Horretarako, bi arena izango ditu: erabilera anitzekoa (elementu nagusia izango dena, 18:500 ikusle ingururentzako edukiarekin) eta kirol arena (3.380 ikuslerentzako edukierarekin).
Malgutasuna bermatzeko, harmaila mugikorrak eta konfigurazio aldakorreko sistemak erabiliko dira. Logistikari dagokionez, zirkulazio sistema bereiziak izango ditu (publikoa, kirolariak, teknikariak eta logistika interferentziarik gabe egoteko), bai eta zama lanetarako espazioak, ibilgailu astunentzako sarbideak, 250 plaza inguruko aparkalekua eta autobusentzako eremu espezifikoak ere.
10.000 metro koadro mantentzeko apustua
Proiektuaren alderdi garrantzitsuenetariko bat jasangarritasuna da. Egungo azpiegitura erabat eraitsi ordez, haren 10.000 metro koadro inguru mantenduko dira. Estrategia horrekin ingurumen inpaktua, kostu ekonomikoak eta gauzatze epeak nabarmen murriztuko dira, inbertsioa erosotasun, irisgarritasun, teknologia eta kalitate baldintzak hobetzean zentratuz.
Hurrengo faseak eta epeak
Prozedurak honako egutegi eta epe hauek jarraituko ditu hemendik aurrera: oinarrizko proiektua eta jarduera proiektua idazteko, lau hilabeteko epea izango du enpresa adjudikaziodunak. Exekuzio proiekturako eta ustiapen memoriarako, sei hilabete, lizentziak lortu ondoren. Obra kontratuaren lizitazioa 2027ko erdialderako aurreikusten dutem eta adjudikazioa, ordea, 2028rako.




