Donostiako Metroaren igarobidearen obra zibila amaitu du Euskal Trenbide Sareak
Miguel Angel Paez, Susana Garcia Chueca eta Antonio Lopez, goizeko bisitan. Irekia Donostiako Metroaren lurpeko igarobide berriaren obra zibila bukatu du Euskal Trenbide Sareak (ETS), eta datozen hilabeteetan trenen zirkulazioa arautzen dituzten instalazio elektrikoak, aireztapenak, seinalizazioak eta komunikazioak eta zenbait urbanizazio eta sarbide kudeatzen ariko da Kontxa, Amara eta Bentaberriko geltokietan.
Mugikortasun Jasangarri sailburu Susana Garcia Chuecak Kontxako tren azpiegitura bisitatu du gaur goizean, Miguel Angel Paez Azpiegituretako sailburuordearekin eta Antonio Lopez ETSko zuzendari nagusiarekin batera. Geltokian sartu aurretik, joan den astean Loiola eta San Martin kaleetan martxan jarritako urbanizazio lanak bisitatu dituzte, eta, ondoren, Loiolako sarbidetik lur azpira sartu dira. Bertatik, terminalaren panoramika eta hainbat gremio elkarrekin lanean ikusi dituzte. Alderdi teknikoa amaituta, orain instalazio elektrikoak, aireztapenak eta seinaleak muntatzen ari dira. Geltoki horretan, Loiolako kanoia ia amaituta dagoen bitartean, Xabier Zubirirenean eskailera mekanikoak eta altzairu beiraztatuzko estaldura muntatzen ari dira.
Amarako geltokian, berriz, obra zibila eta Autonomiako kanoia bukatuta, Errondoko kanoitik behin-behineko larrialdietako irteera egiten hasiko dira. Terminal horretan dagoeneko muntatuta daude ekipamendu elektriko nagusiak, argiztapen sistemak, suteen aurkako babes sistemak eta luminariak. Azkenik, Bentaberriko geltokian, akaberak besterik ez dira falta. Argiztapen sistema eta suteen aurkako babes sistemak bukatuta daude tunelean, terminalean bertan eta larrialdietako irteeretan. Katenariaren euskarri guztiak ere muntatuta daude. Aireztapen ekipoak instalatzeke daude nasaren azpian eta larrialdietakoak, baina materiala bertan dago jada.
Sailburuak nabarmendu du lurpeko pasabidearen 4,2 kilometro eta hiru geltoki berri horien bidez, hiria beste modu batera lotzeaz gain, maiztasuna handiagotu ahal izango dutela, trena zazpi minutu eta erdiro pasa ahal izango baita Añorga eta Pasaia artean. Halaber, etorkizuneko Gipuzkoaren “sinboloa” dela ere adierazi du: “Datozen ehun urteetara begira diseinatutako obra eta zerbitzua da, eta garraio publiko jasangarriaren bidez konektatutako Gipuzkoako mugikortasuna aldatuko du”. Topoa lurperatzeari esker, gainera, oinezkoentzat metro karratu asko irabazi direla ere gehitu du.

