Glad is the Day: udal taldeen eta antolatzaileen jarrerak, mahai gainean
Glad is the Day jaialdia.Donostia Kultura Gero eta oihartzun handiagoa du Gladys Enean egiten den Glad is the Day jaialdia bertan behera uzteko eskaerak. Orain arte hogei erakunde baino gehiagok egin dute bat ekimenarekin, eta bultzatzaileak —Parkea Bizirik eta Egia Bizirik elkarteak— harremanetan jarri dira Donostiako udal talde politikoekin, euren kezkak eta proposamenak helarazteko.
Erakundeek gogorarazi dute Glad is the Day jaialdiak 25.000 pertsona inguru biltzen dituela, eremu babestu batean. Salatu dutenez, “giza marabuntak” eta musika tresnen dezibelioek bioaniztasunaren galera eta basa faunak ihes egitea eragiten dute. Horrez gain, ohartarazi dute bibrazio handiek ehunka urteko zuhaitzen adarrak hausteko arrisku larria sortzen dutela, bertaratuen osotasun fisikoa arriskuan jarriz.
Segurtasun neurriei dagokienez, uda betean edukiera kontrolik eta larrialdi plangintzarik ez egotea salatu dute, zigarrokinek sute arriskua areagotzen duten bitartean. Bestalde, kritika zorrotza egin diote alkoholaren kontsumoari. Boluntarioen ustez, udalak eta Donostia Kulturak alkohola “mugarik gabe eta ura balitz bezala” sustatzen eta normalizatzen dute.
Maiatzak 11: Alderdi Popularra
Alderdi Popularrarekin (PP) maiatzaren 11n elkartu ziren. Alderdiak, hala, hamabi orrialdeko zirriborro proposamen bat helarazi zien. Bertan, kontzertua eta babeslea mantentzearen alde egiten bazuten ere, edukiera eta dezibelioak mugatzeko neurri zuzentzaileak proposatu zituzten.
Era berean, urteko jarraipen mahai bat sortzea planteatu du Alderdi Popularrak, Donostia Kulturak, Cristina Enea Fundazioak, udalak, ingurumen teknikariek, auzo elkarteek eta naturazaleek osatua.
Maiatzak 13: EH Bildu
Maiatzaren 13an, Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziarekin bildu ziren. Ormazabalek defendatu zuen jaialdia edo haren zatirik handiena parketik atera beharko litzatekeela —arropa eta bitxien postu batzuk soilik mantenduz— , eta ekitaldia parkearen inguruko beste eremu batean ospatzea proposatu zuen.
Gainera, zinegotziak konpromisoa hartu du jaialdiak ondare publiko eta naturalari eragiten dizkion kalteen zerrenda Donostia Kulturari helarazteko, babesle gisa hausnarketa egin dezan.
Maiatzak 14: EAJ
Maiatzaren 14an elkartu ziren Ana Lopez EAJko Kultur zinegotziarekin, eta honako konpromisoak hartu zituen berak: alkatetzari jaialdia bertan behera uzteko eskaeraren arrazoiak helaraztea, hartu beharrekoa erabakiak alkatetzatik hartuko direla, eta, azkenik, maiatza izanda, dagoeneko, oso zaila izango zela aurtengo jaialdia bertan behera uztea.
Jarduera ekonomikoari dagokionez, zinegotziak dakienaren arabera, parkearen beheko aldean dauden arropa eta pitxi postuen arduradunek baino ez dute jarduera ekonomikorik garatzen.
Maiatzak 20: Elkarrekin Donostia
Maiatzaren 20an, Arantza Gonzalez Elkarrekin Donostiako zinegotziarekin elkartu ziren. Gonzalezek bi norabideko proposamenak adierazi zituen, jaialdiari aurre egiteko: aurtengo jaialdiari begira, neurri zuzentzaileak ezartzea (aforoa eta dezibelioak murriztea, esaterako) eta, datozen urteei begira, makrojaialdi osoa parketik ateratzea, salmenta ibiltaria barne.
Horrez gain, zinegotziak konpromisoa hartu du oraindik erredaktatu gabe dagoen bioaniztasunaren kontserbaziorako plangintzan mota honetako ekitaldiak Gladys Enea bezalako eremu babestuetan ospatzea debekatzea proposatzeko.
Hala, hainbat dokumentu eta datu eskatzeko konpromisoa hartu du zinegotziak: suhiltzaileen larrialdietarako eta ebakuatzeko plana, Parke eta Lorategien eta Ingurumen Sailak azken sei urteetan jaialdiaren baimenen inguruan hartutako ebazpenak (aldekoak edo kontrakoak diren jakiteko) eta udalak bide publikoa okupatzeagatik bereganatzen dituen mozkin ekonomikoak.
Oposizioaren erantzunari dagokionez, Gonzalez hiru alderdiek —EH Bildu, Alderdi Popularra eta Elkarrekin Donostia— modu bateratuan interpelazio bat egitearen alde agertu da, makrojaialdia parketik ateratzeko.
Maiatzak 26: Donostia Kultura
Donostia Kulturak defendatu du jaialdia donostiarrentzako ekitaldi “puntual eta osasungarria” dela. Jaialdia abuztuaren 2an parkean ospatuko dela berretsi dute, eta lekuz aldatzea udal gobernuari dagokiola gaineratu dute.
Argitu dutenez, ez dago aforo mugarik parkeak ate asko dituelako, ebakuazio plana egon badago (nahiz eta derrigorrezkoa ez izan) eta jaialdiak faunan duen eraginari buruzko ikerketarik ez da egiten. Gainera, jaialdia egiteko oniritzia Gune Publikoen sailak ematen du, eta Keler garagardoez gain, salmenta ibiltariko postuek bakarrik egiten dute negozioa.
Bilera ostean, Donostia Kulturak mezu elektroniko bat bidali zien elkarteei, parkean fauna eta flora zaintzeko, sarreran informazio mahai bat edo kartelak jartzeko proposatuz, jaialdiaren egunean bertan haien jarrera herritarrei azaltzeko.
Ekainak 4: PSEE-EE
Aurreko astean (hilak 4) egin zuten bilera Iñigo Garcia PSE-EEko zinegotziarekin eta Sergio Fernandez Osasun eta Ingurumen zuzendariarekin.
Garciak onartu du hirian gai honen inguruan kezka dagoela, baina kultur jarduerak beharrezkoak direla defendatu du. Aurtengo hitzordurako, ordea, ez du leku aldaketarik ikusten, eta alkatetzak ere egoera baloratuko duela gaineratu du. Hala ere, irailean Donostia Kulturarekin batzartzeko konpromisoa hartu du, jaialdiarekin zer gertatzen den baloratzeko. Fernandezek adierazi du, ordea, zerbitzu teknikoei kontsulta egingo diela, soinu mugatzaileak jartzea balora dezaten.
Azken bilera, Tabakalerarekin
Asteazkenean, hilaren 10ean bilduko dira, azkenekoz, Tabakalerarekin; izan ere, Donostia Kultura eta Kutxa Fundazioarekin batera, jaialdiaren babesle da. [Bilera horren informazioa eskuratu bezain laster osatuko dugu albiste hau].
Kutxa Fundazioak, ordea, ez du bilerarik onartu nahi izan, ekologisten hitzetan.

