Bihar hasiko dute XXIX. Aita Donostia Musika Astea
Easo Abesbatza. Aita Donostia Abesbatzak antolatuta, bihartik igandera bitartean luzatuko da XXIX. Aita Donostia Musika Astea. Saio guztiak Kaputxinotarren elizan gauzatuko dituzte eta sarrera doakoa dute. Lehen hiruak, asteazkenetik ostiralera, 19:30ean hasiko dituzte, asteburukoak, aldiz, ordubete geroago, 20:30ean.
Jaialdiari ekiteko, Easo abesbatzak emango du kontzertua. Gorka Mirandak zuzenduta Izei Mugika, Davide de Oliveira eta Aimar Etxaide ariko dira bakarlari gisa eta Lucia Arzallus, berriz, pianoan. Aita Donotiaren piezez gain, Guridi edota Sorozabalenek osatzen dute eskainiko duten errepertorioa.
Ostegunean, berriz, Eskola Gurutziaga abesbatzak Erraguzu Maria, Missa Brevis eta African Alleluia obrek osatutako kontzertua emango du, Ana Belen Garcia organistak lagunduta. Ostiralean, Aita Donostia, Kantaka, Urmaiz eta Julian Barrenetxea abesbatzak ariko dira elkarrekin, Javier Alberdik zuzenduta.
Asteburuko lehen saioan Javier Royok zuzendutako Coral Turiosonense-ren txanda izango da, eta azken emanaldiaren ardura Hodeiertz abesbatzari egokitu zaio, Gerardo Rifon organista lagun duela.

