Realaren 'Guazen Koparekin' erakusketak zale askoren haserrea piztu du
Ostiralean, hilaren 19an, inauguratuko dute Anoeta futbol zelaian, eta ordainpekoa izango da. 2021eko kopa ikusteko ez zen ordaindu behar izan.
Realeko jokariak kopa irabazi berritan, La Cartuja futbol zelaian.Reala Apirilaren 18an irabazitako Espainiako Kopa oso presente dute Realeko zaleek, eta lorpen historikoa gogoratzeko erakusketa berezia antolatu du klub txuri-urdinak, Kutxabanken lankidetzarekin. Guazen Koparekin izena jarri dio erakusketari, eta ostiralean, hilaren 19an, inauguratuko dute Anoetan.
Sarrera ordainpekoa izango da, eta horrek bazkide diren eta ez diren Realeko zale askoren haserrea piztu du. Izan ere, Sevillara joan zirenentzat bidaia garestia izan zen; sarreren prezioengatik, joan-etorriagatik eta han pasatako gauengatik.
Orain, erakusketa ikusteko ere ordaindu beharko dute. Dena dela, bi deskontu iragarri ditu klubak. Bazkideek, akziodunek eta RS Fans direnek 3 euro ordaindu beharko dituzte. Aldiz, gutxienez lau laguneko taldeetan (hiru bazkide, hiru akziodun edo hiru RS Fans) doazenek, pertsonako 2,5 euro ordaindu beharko dute. Gainera, 4 urtetik beherakoentzat sarrera doakoa izango da. Erakusketa ikusi nahi duten gainerako guztiek 6 euro ordaindu beharko dituzte.
Elementu esklusiboak
Anoetako Keler Espaziotik sartu ahal izango da erakusketa gelara, eta han finaleko elementuak zein dokumentu esklusiboak egongo dira. Era berean, kontatu gabeko istorioak eta kopako ibilbideari buruzko ikus-entzunezkoak jasotzen ditu erakusketak. Noski, kopa ere bertan egongo da eta harekin argazkia atera ahalko da.
Gogoratu behar da, 2021eko kopa irabazi ostean, garaikurra Anoeta estadioan jarri zutela, eta koparekin argazkia ateratzeko ez zela ordaindu behar izan.

