Borja Corominasek turismo tasaren erdia Donostiako kaleak asfaltatzera bideratzea proposatu du
Pio Baroja pasealekuko zebra bide asfaltatu bat.Donostiako Udala Borja Corominas Donostiako Udaleko Alderdi Popularreko bozeramaileak hiriaren mantentze lana hobetzeko neurri sorta bat aurkeztu du. Proposamen nagusien artean, etorkizuneko turismo tasarekin bildutakoaren gutxienez %50a, Donostiako kaleak asfaltatzera bideratzea eskatu du.
Gobernu taldearen kalkuluen arabera, zerga berri horrek urtean hamabi milioi euro inguru bilduko ditu. Hori dela eta, PPren proposamena onartuz gero, urtero sei milioi euro inguru inbertituko lirateke bideak hobetzeko lanetan, esaterako.
Utzikeria eta gastu handiagoa
Corominasek gogor kritikatu du udal gobernuaren jarduna, eta hiriko hainbat arazo —hala nola kaltetutako espaloiak, grafitiekin lotutako arazoak edota kaleen egoera txarra— “gobernuaren utzikeriaren ondorio” direla adierazi du.
Bozeramaileak datuak jarri ditu mahai gainean: azken hamarkadan hiri mantentzera bideratutako udal aurrekontua %40 hazi da, urtean 106 milioi euroraino iritsi arte. Hala ere, antzeko tamaina eta populazioa duten beste hiri batzuekin alderatuta, Donostiak askoz gehiago gastatzen duela adierazi du: “Beste hiri askok dituzten arazo berak ditugu, baina gainerakoek baino 50 milioi euro gehiago ordaintzen dugu, batez beste, arazo horiek ez konpontzeagatik”, adierazi du.
Bost neurri zehatzeko plana
Egoera horri buelta emateko, Alderdi Popularrak bost konpromisotan oinarritutako jarduera plan bat aurkeztu du:
- Auditoria eta azterketa: Mantentze lanetako udal gastuaren azterketa konparatua egitea eta enpresa esleipendunekiko kontratuak zein lan prozesuak ikuskatzea.
- Turismo Tasa: Bilketaren gutxienez %50 kaleak asfaltatzeko erabiltzea.
- Grafitien aurkako brigadak: Pintadak garbitzeaz gain, egile errepikatzaileak identifikatu eta zigortzeko datu base bat sortzea.
- Inausketa plana: Auzoz auzoko plan bat ezartzea argiztapen egokia eta zuhaitzen kontserbazioa bermatzeko.
- 48 orduko epea: Herritarrek mantentze lanen inguruan jarritako edozein kexari 48 ordu baino gutxiagoan erantzuteko udal konpromisoa hartzea.
Corominasek azaldu duenez, helburua bizilagunen arazoak zaintzen eta konpontzen direla ikustea da, hiri mantentzeak ezin duelako “gainditu gabeko ikasgaia” izaten jarraitu.

